Gaztetxoentzako jaiotza lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek, bihar (abenduak 17), eman beharko dute izena -11:30etik 12:30era- San Bartolome Parrokiako lokalean (Trenbide aldeko sarreratik), eta domeka goizean, 10:30erako aurkeztu beharko dira lanak elizako arkupeetan. Talde bakoitzak nahi duen materiala erabili ahal izango du jaiotza egiteko. Sari banaketa domekan, 13:00etan, egingo dute, San Bartolome Parrokian. Gero, aurkeztutako lanak Errosario kaleko 7. zenbakian jarriko dituzte ikusgai.
Iaz, era guztietako 29 jaiotza aurkeztu ziren lehiaketara eta Alonso anai-arrebek arkeztutakoari eman zioten lehen saria.
•Jaiotza biziduna
Parrokiako Jaiotza biziduna abenduaren 20an, martitzena, inauguratuko du Elgojaiotzak Parrokiako kaperan (Leku Eder parkean du sarrera). Benantzio Otaegik, Elgoibarko parrokoak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak eta Antonio Barrenetxeak, Parrokiko Jaiotza Taldeko presidenteak, parte hartuko dute, besteak beste, inaugurazio ekitaldian, 20:00etan. Ohi dutenez, jaiotza martxan jartzen duen botoia zanpatuko dute parrokoaren bedeinkazioa jaso eta gero. Orduan ikusi ahal izango dira, hilabete luzeetako lanaren ostean, aurtengo jaiotzarako sortu dituzten irudi zein berrikuntza guztiak.
- Ordutegia: Astelehenetik barixakura, 17:30etik 20:30era, Zapatu eta jai egunetan, 10:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.
•Bideoa: 2010eko Elgoibarko jaiotza mekanikoa. (Aurreko urteetako jaiotzen bideoak Elgojaiotzak youtuben duen kanalean)