Aurtengoa baino %6,4 txikiagoa den aurrekontua 2012rako

elgoibarren.net 2011ko abe. 20a, 14:41

 
2012 urterako Udal aurrekontuen proposamenaren berri eman du Udal Gobernuak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatearen bitartez. Urtarrilean egingo den Udalbatzarrean aurkeztuko duten proposamenaren arabera, 12.662.516 eurokoa izango da Elgoibarko Udalaren aurrekontua 2012an, hau da, aurtengo aurrekontua baino %6,4 txikiagoa. Inbertsioetarako aurreikusitako partida 780.000 eurokoa da.



  Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak prentsaurrekoan eman dituen datuen arabera, 2012ko aurrekontu proposamenean 323.103 euroko aurrezki garbia aurreikusten du Udal Gobernuak. Zama finantzarioa ordaindu ondoren gelditzen den aurrezki gordinaren zatia adierazten du aurrezki garbiak, eta, Udalek, nork bere baliabideekin, inbertsioak finantzatzeko duten ahalmenaren berri ematen digu. Inbertsioetarako, hain zuzen, 780.000 euroko partida, -2011n 1.558.415 euro inguru izan dira - bideratu nahi dutela datorren urtean jakinarazi du Etxeberriak. Honako hauek dira aurreikusitako inbertsio nagusiak:
  • Loritoko aldapa berritzea: 150.000 euro bideratuko ditu Udalak Loritoko aldapa eta Pedro Migel Urruzuno kalea berritzeko lanetarako. Loritoko aldapan asfaltoa berritu, gaur egun dauden piboteak kendu eta, besteak beste, baranda berrituko dituztela aurreratu du Ricardo Garate Hirigintza zinegotziak. "Oinezkoei lehentasuna" ematea da Udal arduradunen asmoa. Pedro Miguel Urruzunoko zorua ere berritu nahi dute.
  • Baserri bideak berritu: Azaroko euriteen ondorioz zenbatutako kalteak jaso zituzten baserri bideak konpontzeko 125.000 euroko partida bat aurreikusi du Udal Gobernuak 2012ko aurrekontuen proposamenean. Kalte guztiekin osatu duten txostena dagoeneko Madrilera bidali dutela jakinarazi du Etxeberriak, eta txosten horrek jasotzen duenez, 198.000 euro beharko lirateke kalte guztiak konpontzeko. Gipuzkoako Diputazioari ere bidali diote laguntzak jasotzeko eskaera, baina “erantzun baten zain” zain daudela adierazi du Elgoibarko alkateak. 
  • Pilar ikastetxea egon zen eraikina botatzea. Pilar ikastetxea egon zen eraikina bota eta orubea zahar etxe bat eraikitzeko prestatzeko, 200.000 euro beharko direla aurreikusten du Udal Gobernuak. Foru Aldundiak, hasiera baten 2012ko aurrekontuetatik kanpo laga bazuen ere, 100.000 euro jarriko ditu azkenean Pilarreko zahar etxea egiteko proiekturako. Martin Garitano buru duen Diputazioak eta EAJk adostu zituzten Gipuzkoako aurrekontuen ondorioa da zifra hori, alderdi jeltzaleak milioi bat euroko inbertsioa eskatzen bazuen ere Gipuzkoan egitea aurreikusten ziren zahar etxeak –Elgoibarkoa barne- egiteko lanak finantzatu ahal izateko. Hortaz, Elgoibarko Udalak eta Diputazioak finantzatuko dituzte, erdibana, Pilarreko eraikina botatzeko lanak. Etxeberria pozik agertu da Pilarreko zahar etxearen proiektua “gutxienez” Diputazioaren aurrekontuetan sartu dutelako, baina 2013tik aurrerako aurrekontuetan sartzeko Diputazioaren konpromisorik ez dagoela gaineratu du. “Proiektu honetarako zein Gipuzkoan egin beharreko beste edozein proiektuetarako ere ez, oro har”, erantsi du. Aurrekoez gainera, zahar etxeak kudeatzeko sistemarik egokiena zein izan daitekeen aztertzen ari dela Diputazioa azaldu du Etxeberriak, “orain artekoa ez baitute balekotzat jo”.
Gainerako berrikuntza lanak mantentze lanetarako izango dira.

Zorroztasuna irizpide nagusia
  2012ko aurrekontuak lantzerakoan “zorroztasuna eta zehaztasuna” izan direla irizpide nagusiak argitu dute Udal Gobernuko kideek. Hala, 11.839.412 euroko gastu arruntak aurreikusten dituzte eta 12.162.516 eurokoa izango da sarrera arrunten kopurua. Ondorioz, 323.100 eurokoa izango da aurrekontuaren proposamenean aurreikusten duten aurrezki gordina.
 Zifra onak direla uste du Alfredo Etxeberriak. 2011ko itxiera aurreikuspenean oinarrituta egin dute 2012ko proposamena eta amaitzen ari den hau urte “gogorra” izan den arren, zifra onak laga dituela amaieran esan du Etxeberriak. “Horri esker, datorren urte amaieran Udalak 323.000 euro aurreztea lortu dezakeela uste dugu eta zifra horren barruan sartuta daude, gainera, Udalak Finantzatzeko Foru Fondora itzuli beharreko zenbait partida, 2009ari dagokion itzuli beharrekoaren heren bat eta, 2010 urteari dagokion zorra kitatuta, hain justu”.
 Hala ere, 2012an Foru Fondoarekin gerta daitekeen “ziurgabetasunak” aurrekontuak kontu handiz egitera behartu dituela gaineratu du Etxeberriak. 2012an fondoari itzuli beharrekoa Fondoak berak aurreikusitakoa baino gehiago izango dela uste dugu eta hori dela-eta aurrekontu kontserbadoreak egitera behartuta gaude. Izan ere, aurrekontuaren %49 jasotzen du Udalak Udalak Finantzatzeko Foru Fondotik.
 Ildo horretan, orain arte urtero egin izan den eta aurten “estreinakoz” egiteko asmorik ez dagoen bilera bat bota du faltan Elgoibarko alkateak, Finantzen Lurralde Kontseilua, hain zuzen ere. Udalek eta Gipuzkoako Foru Gobernuak Foru Fondoaren inguruan eztabaidatu ahal izateko tresna oso garrantzitsua begitantzen zait kontseilua. Gauzak errazten zituela uste dugu”.