Egin dezagun bidea herri mugimendua aurkeztu dute hainbat herritarrek

elgoibarren.net 2011ko abe. 21a, 12:08

 
“Euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideen alde” lan egin nahi duen Egin dezagun bidea herri mugimendua aurkeztu zuten hainbat elgoibartarrek joan den zapatuan, Plaza Handian egindako prentsaurrekoan. Kultura, kirola, politika eta hezkuntza munduko herriko aurpegi ezagunak elkartu ziren Plazan.

 Espetxe politika "konponbidearen gakoetara" ekarri beharra azpimarratu zuen Jesus Mari Makazagak, herri mugimenduaren izenean euskaraz hitza hartu zuenak. “Espetxe politikak oinarrizko eskubideak ukatzen ditu. Salbuespenez ezartzen zaizkien kartzela politikak, sakabanaketak, dispertsioa, isolamendua eta muturreko eskubide urraketak ditu bere oinarrian, espetxe politika horrek”.

Egoera politikoaren balorazioa
 Egoera politikoaren balorazioa ere egin zuten. Euskal Herria aro politiko berri baten dagoela ulertzen baitute mugimenduaren partaideek eta hori horrela, “preso eta iheslari guztiak etxeratzeko bidea egiteko konpromiso sendoa” hartu dutela adierazi zuten. Bide hori egiten joateko, euren esanetan, presoei ezarri zaizkien muturreko neurriak indargabetzeak eta presoak dagozkien eskubide indibidual eta kolektiboen jabe izateak daukate lehentasuna.
 Izan ere, Egin dezagun bidea herri mugimenduaren ustetan, preso politikoen kolektiboak gatazka konpontzeko prozesuan parte aktiboa izan beharra dauka, eta aurrez aipatutako neurriek lagunduko dute horretan.
 Euskal Herri mailako mugimendua ere bada Egin dezagun bidea.
Ekintzetan parte hartzeko gonbitea
  Aurkezpena ez ezik baina, herritarrak mugimendu honetan parte aktibo bilakatu daitezen, elgoibartarrei gonbidapena egiteko modua ere izan zen zapatukoa. Hala, datozen ekintzetan parte hartzeko gonbitea egin zieten herritarrei, eta bukatzeko, Ainara Ladron eta Juan Mari Mendizabal presoek idatzitako karta bana irakurri zituzten. Biek ere, Egin dezagun bidea mugimenduari eta Euskal Herrian azken hilabeteetan zabaldutako egoera politiko berriari euren babes osoa eskaini zieten beraien hitzetan. Hona hemen datozen egunetarako egin dituzten deialdiak:
  • Abenduaren 24an, 15:00etan, Amnistiaren aldeko Olentzero.
  • Abenduaren 30ean, 20:00etan, Azken Ostirala, plazan.
  • Abenduaren 31n, 13:00etan, Giza Katea.
  • Urtarrilaren 7an Manifestazio Nazionala Bilbaon.