Gabon Zahar Egunean hasiko dira Ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunak

elgoibarren.net 2011ko abe. 22a, 11:40


Elgoibar Ikastolak 50 urte egingo ditu 2012an, eta ospakizun ekitaldi nagusia ekainaren 9an egingo badute ere, urte osorako ekintzak prestatu dituzte, eta lehenengoa Gabon Zahar Eguneko Ferian egingo dute, abenduaren 31n.

 


  Elgoibar Ikastolak Nafarroa plazan urtero antolatzen duen txosnan, euskal dantza eta bertso saioa egingo dituzte 11:00etan, eta zinta bat moztuko dute, urteurrenari hasiera emateko. Txosnan, salda eta txorizoarekin batera, errifak ere erosteko aukera egongo da. Urtero bezala, Eusko Label haragizko pintxoak salduko dituzte.

29 umerekin hasi zen 50 urteko ibilbidea
  Elgoibar Ikastolak 1962ko maiatzaren 2an hasi zuen bere ibilbidea, Loritoko aldaparen ondoan dagoen eraikinean, 29 umerekin eta Itziar Ajuria andereño zutela. herriko euskaldun eta euskaltzaleen ekimena izan zen eta Euskara bultzatzeko hainbat saio eta ekintzen ondorengo pausu gisara eratu zen. Egun, Elgoibar Ikastola irakaskuntza kooperatiba integrala da eta Ikastolen Elkarteko partaide, 0 eta 16 urte arteko 850 ikasle ditu eta 73 langile (horietatik 67 irakasleak). Ondorengo argazkietan Itziar Ajuria, lehen andereñoa, Felix Etxeberria Parapan, guraso aitzindaria eta Josu Mujika, lehen promozioko ikaslea izandakoa, ageri dira. Loritoneko ikastola egon zen etxearen aurrean daude hirurak, han eman zituzten-eta lehen eskolak duela 50 urte.

1706638598410 Gabon Zahar Egunean hasiko dira Ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunak

1706638598529 Gabon Zahar Egunean hasiko dira Ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunak

Urte guztirako ekintzak
ElgoibarIkastolako urteurreneko batzordeko kideek jakinarazitakoaren arabera, urte berriarekin batera, Elgoibar Ikastolak urtero antolatzen dituen ekintzei urteurren kutsua emango diete. Honako hauek dira ekintzok: Santa Ageda kantak (otsailak 3), Inauteriak (otsailak 17), Pilota Eguna (martxoak 10), Lehen Hezkuntzako jaialdia (martxoan) Jose Gurrutxaga krosa (apirilak 22), Haur Hezkuntzako jaialdia (maiatzean), Ikastolaren Eguna (ekainak 9), Santa Zezilia Eguna (azaroak 22), Euskararen Eguna (abenduak 3) eta DBHkoen jaialdia abenduan.

Herriko elkarteekin elkarlana
Horiez gain, beste ekitaldi batzuk ere aurreikusi dituzte, eta horietako batzuk Elgoibarko hainbat elkarteren elkarlanarekin antolatutakoak izango dira. Besteak beste, urtarrilean, filateliako erakusketa eta olinpiadak, maiatzean ikastolako erakusketa Kultur Etxean, eta kirolaren gaineko mahai ingurua, ekainean 3x3 saski-baloi txapelketa eta Elgoibarko Udal Musika Bandarekin kontzertu berezia. Ekitaldi nagusia, baina, Ikastolaren Egunean egingo dute, ekainaren 9an egingo den ekitaldian, hain zuzen ere.

Urteurreneko liburua osatzeko deialdia
Urte guztian zehar, gainera, materiala jasotzen joango da Ikastola, amaieran urteurreneko liburu bat argitaratu ahal izateko. Beraz, urte guzti hauetan parte hartu duten guraso, ikasle, irakasle eta laguntzaile guztiei dei egiten die Elgoibar Ikastolak, antolatuko diren ekintzetan parte har dezaten.