Beste lau urtez luzatu dute lankidetza hitzarmena Mintxeta A.T.ak eta Udalak

elgoibarren.net 2011ko abe. 23a, 14:55

Orain lau urte egin zuten moduan, beste lau urterako hitzarmena adostu dute Mintxeta Atletismo Taldeak eta Elgoibarko Udalak, Mugertza krosa elkarlanean antolatzen jarraitzeko. Aurreko hitzarmenarekin alderatuta, baina, urtean 3.000 euro gutxiago jasoko ditu atletismo klubak. Bestalde, atletismoari lotuta, Espainiako Atletismo Federazioak Mintxetako pista homologatu duela jakinarazi du Udal Kirol Patronatuak.


 Datozen lau urteetan 88.000 euro, -22.000 euro urteko-, emango dizkio Elgoibarko Udalak Mintxeta Atletismo Taldeari Juan Mugertza Nazioarteko krosa antolatzen jarraitu ahal izateko. Bi aldeek atzo sinatu zuten hitzarmena, kirol sarien banaketa ekitaldiaren ostean. Batzuk zein besteak gustura agertu ziren orain arteko lankidetzak eman dituen fruituekin, eta aurrerantzean ere horrenbestekoa edo hobea izatea opa zioten elkarri. Mintxetako kideek, baina, herritarren artean mezu bat zabaltzeko probestu zuten abagunea. Antolakuntzan diharduten lagunak adinean aurrera doazela azaldu zuen Zigor Diezek, taldearen izenean, eta krosaren antolakuntzan laguntzeko jendea behar dutela adierazi zuen.

 

1706638595628 Beste lau urtez luzatu dute lankidetza hitzarmena Mintxeta A.T.ak eta Udalak

•Mintxetako pistan eginiko markak balekoak izango dira
Udal Kirol Patronatuak jakitera eman duenez, bestalde, Mintxetako Atletismo pistak Espainiako Atletismo Federazioak pista homologatu bat izateko jartzen dituen baldintzak betetzen ditu, eta hala adierazten duen agiria (ondoko argazkian Alfredo Etxeberria alkatearen eskuetan) jaso berri du. Joan zen abenduaren 21ean aztertu zuten Mintxetako pista Federazioko teknikariek.
 Horrela bada, aurrerantzean Mintxetan egingo diren probetan lortzen diren marka eta errekorrek Espainiako Federazioaren oniritzia jasoko dute, alegia, legezkoak izango dira.