Oparien zakua ondo beteta ailegatuko dira errege magoak

elgoibarren.net 2012ko urt. 4a, 15:18

 
Ohi duten legez, ekialdetik etorriko dira Meltxor Gastar eta Baltasar errege magoak eta Txankakuako zubitik sartuko dira, 18:00etan, Elgoibarko herri erdira. San Bartolome parrokiako arkupeetan jarriko duten jaiotza biziduna bisitatu ostean herriko kaleak zeharkatuko dituzte.



 Parrokiako katekistek antolatutako jaiotza biziduna 17:30etik 19:30ak arte egongo da ikusgai parrokiako atarian eta errege magoak 18:00etan ailegatuko dira Elgoibarrera. Jesus haurtxoari urrea, intsentsua eta mirra oparitu ostean, kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. San Lazaro egoitzan ere egingo dute geldialdia hiru erregeek, 19:00ak inguruan.
 Herriko nagusienei opariak banatu eta gero, txikienen opari eskaerak entzungo dituzte udaletxeko arkupeetan. Erregeen magalean eserita opariak eskatzeko idatzi dituzten eskutitzak irakurriko dizkiete Elgoibarko umeek Meltxor, Gaspar eta Baltasarri.