Egurgileek Karakate eta Irukurutzeta artean “kalte handiak” eragin dituztela salatu du Morkaikok

elgoibarren.net 2012ko urt. 10a, 14:24

Karakate eta Irukurutzeta arteko basoetatik egurra ateratzen ibili diren egurgileek “kalte handiak” sortu dituztela salatu dute Morkaiko Mendizale Elkarteko kideek. Atxolinera bidean, milaka urte dituzten dolmen eta trikuharrietatik oso gertu, kamioiek gurpil arrasto sakonak laga dituztela salatu dute, besteak beste. Horrelako ingurune “berezi eta delikatuak” babes neurri handiagoak beharko lituzkeela uste dute. (argazkiak dauzka)



 Basoetatik egurra ateratzeko lanetan “guztiaren gainetik interes ekonomikoak” gailendu direla salatu dute Morkaiko mendi taldeko kideek. Haserre daude pisu handiko kamioiek ingurune "delikatu" horretan, -milaka urte dituzten tumulu, trikuharri eta gainerako aztarna megalitikoak eta ur putzuak daude, besteak beste- eragin dituzten kalteekin. Natur ondarearen aurkako “sarraski” gisa definitu dituzte kalteok eta hainbat argazkirekin hornitu dute salaketa, taldeak daukan webgunean.
  Alabaina, ez dira salaketa hutsa egitearekin konformatu eta azalpen eske jo dute arduradunengana; Gipuzkoako Foru Aldundia, Debemen eta Soraluzeko Udala –egurra atera den mendi saila Elgoibarko lurretan egon arren, sailerako sarbidea Soraluzeko lurretatik, Mendi-Gain deituriko parajetik, egin behar zuten-eta kamioiek, eta, horietan izan dira kalterik handienak-.

Arduradunen azalpenak
  Manuel Olariaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basozainak eta Jon Peli Uriguen, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismorako diputatuaren azalpena jaso dute Morkaikokoek. Basozainak azaldutakoaren arabera, egur mozketak egiteko Foru Aldundiaren “baimen guztiak” zituen egur jabeak. Gainera, egurra ateratzeko hainbat baldintza adostu zituen Soraluzeko Udalak egur jabearekin. Eta, basozainaren esanetan, “gaur arte osotasunean bete dira baldintzok”. Dena dela, egurra ateratzeko lanak ez direla guztiz amaitu argitu dute Foru Aldunditik. “Egur ateratze lanak bukatu ondoren, lur sailaren jabeak kamioiak utzitako arrastoak bere onera bueltatu beharko ditu, adostuta zegoen eran”. Foru Aldundiko Basozainak eta Soraluzeko Udalak izango dute lan horien jarraipena egiteko ardura.

Lanak geratzea agindu du Soraluzeko alkateak
  Soraluzeko Udaleko alkateak, Hiart Arluziagak, hain justu, ez du guztiz bat egiten Foru Aldunditik zabaldutako azalpenekin. Arluziagaren iritziz, argi dago egurgileak ez dituela Udalak bere egunean jarri zizkion baldintzak bete. “Egoeraren larritasuna kontutan hartuta lanak gelditzea agindu dugu eta ondorengo egunetan baloratuko ditugu sortutako kalteak zenbaterainokoak izan diren, eta baita kalte-ordainak nork eta noiz hartu beharko dituen bere gain ere”.

1706638592476 Egurgileek Karakate eta Irukurutzeta artean “kalte handiak” eragin dituztela salatu du

1706638592528 Egurgileek Karakate eta Irukurutzeta artean “kalte handiak” eragin dituztela salatu du


Baldintza zorrotzak
  Debemenetik azaldu dutenez, basojabeak ez zuen egurra ateratzeko beste aukerarik, eta, “ingurune delikatua” izanik, kalte txikienak sorrarazteko hainbat baldintza jarri zizkioten: “Batetik, kamioiaren joan etorriak aldez aurretik adostutako tokietatik egitea eta ez beste batzuetatik, inguruan dauden ur putzuak eta trikuharriak babestu ahal izateko. Basozainak egiaztatu zuen hori horrela egin zela. Bestalde, egurra atera ondoren eta eguraldia hobetzen denean dena berdinduta laga beharko du egurgileak. Basozainak dioenez denbora gutxi barru belarra hasi eta lehen bezala geratuko da”.
  Horrelako lanak euri gutxien egiten duen sasoietan egiten saiatzen direla azaldu du Jon Peli Uriguenek. “Ahaleginak egiten dira horrelako lanak udan egiteko, eta, bestela, neguan egin behar badira, euririk egiten ez duenean”. Diputatu elgoibartarrak egurgileari “baldintza zorrotzak” jarri zaizkiola berretsi du eta Soraluzeko alkatearekin bat eginez, egin dutena aztertu eta “baloratu” beharko dutela erantsi du. Gauzak zeuden moduan lagatzeko konpromisoa dutela gogorarazi du eta hori ahal den bizkorren izatea espero du.

"Konpontzea baino hobe kalterik ez sortzea"
  Morkaikoko kideek ondo jaso dituzte arduradunen azalpenak eta kalteak konpontzeko prestutasuna. Alabaina, kalteak konpontzea ondo dagoela uste duten arren, kalterik ez sortzea zuzenagoa dela uste dute, eta, horrelako lanen bat egin beharra dagoen hurrengoan, “horrelako sarraskirik” berriz ez errepikatzea desio dute. Galdera bat ere laga dute airean: “Guri horren berezia iruditzen zaigun ingurune hori, Karakate eta Irukurutzeta artekoa, zenbateraino dago legez babestua, halakorik badago?".