2009an Urbinan Ertzaintzarekin izandako liskarrengatik epaitu dituzte sei lagun. Auzipetu bati urtebeteko espetxe zigorra jarri dio, ertzain bat jo zuela egotzita. Lauri -Justo Arriola tartean- desordenu publikoak leporatu dizkie, eta bati desobedientzia delitu txiki bat.
2009ko urtarrilaren 17an izan zen gertaera, AHTaren aurkako protesta batean. Mila bat lagun bildu ziren Urbinako plazan, AHT Gelditu! plataformak deituta, eta trenaren lan batzuetako eremu batera joan ziren. Bide bat moztu egin zuten, Ertzaintza oldartu egin zitzaien eta epaiak dio manifestariek ertzainei harriak bota zizkietela. Polizia eta manifestari batzuk zauritu egin ziren. Zortzi ekintzaile atxilotu zituzten, eta azkenean sei auzipetu zituzten. Fiskalak guztira bederatzi urteko espetxea eskatu zuen epaiketan, eta defentsak absoluzioa. Defentsako abokatu batek Arabako Auzitegian helegitea jarriko duela aurreratu du. (iturri: berria.info)