Sailkapen nagusiko bigarrenaren kontra jokatuko du Concepto Egilek zapatuan

elgoibarren.net 2012ko urt. 12a, 16:02

Sanloko eskubaloi taldeek moduan, partida garrantzitsua jokatuko du Concepto Egile areto futbol taldeak, zapatu honetan. Atenea Labastida, sailkapen nagusiko bigarren sailkatua hartuko du etxean, Olaizaga kiroldegian, 16:00etatik aurrera. Horrez gain, goi mailako areto futbolaz gozatzeko aukera izango da urtarrilaren 25ean, San Anton jaien barruan. Izan ere, Lehen Mailako talde batek estreinakoz jokatuko du Debabarrenean.


 Une honetan, liga txapelketako 11 partidu jokatu direnean, sailkapen nagusiko bederatzigarren lekuan dago Concepto Egile (lau partida irabazi, lau berdindu eta hiru galdu dituzte), baina bigarren sailkatuak lau puntuko aldea bakarrik ateratzen dio (ikus sailkapena). Hortaz, pare bat partida jarraian irabaziz gero, aurrerapauso handia emateko eta txapelketako oilarren artean gandorra bistaratzeko aukera dutela uste dute klubeko arduradunek. Aurtengo denboraldirako helburua ez dutela ahaztu gogora ekarri du, hala ere, Jose Ramon Iriartek, mailari eustea", alegia.
Zapatu honetan izango dute gorantz egiteko lehen aukera, Labastida Atenea Gasteizko taldearen aurka jokatuko dute-eta Olaizaga Kiroldegian, 16:00etatik aurrera. Arabarrak sailkapen nagusiko bigarren postuan daude eta garaipena garesti egongo da. Hori dela-eta, taldeko arduradunek herritarrei dei egin diete, animoak ematera joan daitezen. “Etxean jokatu ditugun azken partidetan gertatu izan den moduan, publikoak seigarren jokalariarena egitea nahi dugu”, adierazi du Jose Ramon Iriartek.

1706638569189 Sailkapen nagusiko bigarrenaren kontra jokatuko du Concepto Egilek zapatuan

Jubenilak nagusi Azpeitiko txapelketan
Gipuzkoarren eta arabarren arteko lehia hasi aurretik jubenil mailako King-Kong taldea omenduko dute, Azpeitiko areto futbol txapelketa irabazi baitute Gabonetan. Jubenilek erakutsi duten maila ikusita, harrobiarekin egiten ari diren lana bide onetik bideratuta dagoela uste du Iriartek. Liga txapelketan ere sasoi puntu onean daudela jubenilak gogoratu du, azken hiru partidak jarraian irabazi dituzte-eta.

Goi mailako areto futbola
 San Anton jaien barruan, goi mailako futbolaz gozatzeko aukera izango da, urtarrilaren 25ean, Olaizaga kiroldegian. Concepto Egile taldeak lagunarteko partida jokatuko du areto futboleko gorengo mailan, Lehenengo Mailan, diharduen talde baten aurka, Rios Renovables-Riberas Navarra taldearen kontra, hain zuzen ere. Gorengo mailako talde batek Debabarrenean jokatuko duen estreinako aldia dela argitu dute klubeko arduradunek. Partidua 20:00etan hasiko da.  15 urtetik beherakoek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Nagusiagoek euro bat balio duen errifa bat erosi beharko dute partidua ikusi ahal izateko. Ohiko enpresetan edo Olaizaga kiroldegian eskuratu daitezke, Concepto Egile eta Riberas Navarra taldearen arteko partiduan.

Concepto Egile taldea.

Rios Renovables-Riberas Navarra taldea.