‘Animarbolak’, argiarekin eta irudimenarekin jolasean

elgoibarren.net 2012ko urt. 13a, 14:19

 
Animalien forma bitxiak bilatzen ditu Vicente Guinea argazkilariak zuhaitzetan. Pago artean barneratu, eta denbora luzez galtzen da bertan, argitasunarekin jolastuz, animalien forma bitxiak bilatzeko. ‘Animarbolak’ izena jarri dio era horretako argazkiekin osatu duen bildumari. (argazkiak eta bideoa dauzka)


Vicente Guinea, horren kuttunak dituen zuhaitzez inguratuta.

Mendira joatea asko gustatzen zaio Vicente Guineari, eta halako batean zuhaitzetan forma bitxi batzuk ikusi zituen. “Argiak ematen die forma, eta argia aldatu ahala, irudiak aldatu egiten dira. Denbora luzez egoten naiz zuhaitzei begira, eta ordu desberdinetan joan izan naiz argazkiak ateratzera. Batzuetan ez dut ezer lortzen, edo nik ikusitakoa besteek ez dute ikusten, baina argazki batzuekin oso gustura geratu naiz. Animarbolak deitu diot bilduma horri, animaliak eta arbolak uztartzen dituelako. Emazteari bururatu zitzaion izena, eta gustatu zitzaidan".
 
 Azken urteotan atera dituen argazkiekin bilduma polita osatu du Vicente Guineak. Zuhaitzekin egin duen lanaren erakusgarri txiki bat da ondiorengo bideoa. Gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri BARREN astekariak azkenengo alean Vicente Guineari egin dion elkarrizketa.
•Bideoa: