Tanui kenyarra eta Wude etiopiarra nagusi Mugerza krosean

elgoibarren.net 2012ko urt. 22a, 16:11

Paul Tanui, kroseko munduko egungo txapeldunordeak irabazi du Juan Mugertza Nazioarteko krosaren 69. edizioa. Emakumezkoen lasterketan Yimer Wude Ayalew etiopiarra izan da jaun eta jabe. (argazkiak, bideoak eta sailkapenak dauzka)


  Paul Tanuik Helmuga marran bertan hartu dio aurrea Geoffrey Kipsang, junior mailako munduko txapeldunari. Lehia dotorea eta emozioz betea eskaini dute bi kenyarrek. Elgoibarren laugarren garaipena eskuratu nahi zuen Leonard Komonek irteeratik erakutsi du ez zegoela garaipena lortzeko sasoian, eta sailkapeneko seigarren postuan sailkatu da azkenean. Kirui kenyarra eta Mesfin etiopiarra sailkatu dira, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren postuetan. Lehen euskalduna Ivan Fernandezizan da eta 12. postuan sailkatu da.
Ayalew ahizpen erakustaldia
 Etiopiarren eta kenyarren arteko lehia aurreikusten zen emakumezkoen lasterketa nagusian, baina etiopiarrek, Ayalew ahizpek, hain justu, nagusitasun osoz hartu dituzte mendean Pauline Korikwiang eta Peiscah Jepleting kenyarrak. Ahizpa zaharrenak, 24 urteko Yimer Wude Ayalew-k gurutzatu du helmuga marra lehen postuan, 22 minutu eta 29 segundoko denborarekin. Sei segundora ailegatu da ahizpa gaztea, Hiwot Ayalew. Korikwiang sailkatu da hirugarren postuan eta 2008an Elgoibarren irabazi zuen Jepleting sailkatu da laugarren postuan. 
ARGAZKIAK: Zapatuan antxitxikariei udaletxean egin zieten ongi-etorriko eta lasterketa ezberdinetako argazki guztiak Picasan dugun kontuan ikus ditzakezue.