Euskal Herriko Lanbide Heziketaren indarra bertatik bertara ezagutzeko topaketak IMHn

elgoibarren.net 2012ko urt. 24a, 15:36

FPEnpresa Espainiako Lanbide Heziketako 89 ikastetxe publiko zein hitzartuek sustatutako proiektua da. Lanbide Heziketa esparruan lantzen ari diren "proiektu berritzaile garrantzitsuenetakoa", proiektuko arduradunen esanetan. Arduradun horiek, hain justu, Euskal Herriko Lanbide Heziketa erreferentea dela uste dute eta egiten diharduten lana bertatik bertara ezagutzeko antolatu dituzte FPEnpresa Topaketak, Elgoibarren, Usurbilen eta Donostian.


  Hala bada, enpresa eta lanbide heziketako ikastetxeen elkarlana garatzeko helburua duen FPEnpresa proiektuaren baitan, espainiar estatuko 68 ikastetxe batuko dira Elgoibarko IMH, Usurbilko Lanbide Eskola eta Donostiako Tknika ikastetxeetan, datorren urtarrilaren 26an eta 27an.

  FPEnpresa espainiar estatuko lanbide heziketako 89 ikastetxe publiko zein hitzartuek gidatutako proiektua da, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Estatuko Idazkaritzaren berrikuntza aplikatuen proiektuetako bat, hain zuzen ere, eta, zenbait enpresek ere parte hartzen dute hiru milioi euro baino gehiagoko aurrekontua duen egitasmoan. Une honetan Espainiako lanbide heziketa esparruan lantzen ari den "proiektu berritzaile garrantzitsuenetakoa" dela azaldu dute IMHko iturriek.

Euskal Herriko Lanbide Heziketa erreferente ona
  Krisialditik irten ahal izateko, enpresa eta lanbide heziketako ikastetxeen arteko elkarlana eta ekintza bateratuak sustatzeko gaitasuna beharrezkoak direla uste dute eta bide hori lantzeko erreferente ona ei da Euskal Herriko Lanbide Heziketa. "Hala uste dute FPEnpresako arduradunek eta gure esperientziak bertatik bertara ezagutzeko antolatu dituzte topaketok", azaldu dute IMHtik.