Aitona-amonen istorioak jaso eta herrietako historia osatu nahi du ‘Ni euskalduna’ bideoblogak

elgoibarren.net 2012ko urt. 26a, 12:25

{youtube}3A8ZZINz3JI&feature=player_embedded{/youtube}Herrietako “memoria historikoa” biltzen dihardute Ni Euskalduna bideoblog-ean. Horretarako, aitona-amonengana jo dute, bakoitzak bere herriko kontu eta istorioen berri eman dezan. Halaxe egin dute, esaterako, Mertxe Mugerza, Maribel Lazarobaster eta Mariasun Blacia mendaroarrek, goiko bideoan ikus dezakezuen moduan. Istorioak kontatzeko prest dauden pertsonak behar dituztela azaldu dute egitasmo honetako arduradunek.


 Metroo, sare sozialak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, euskal herrien memoria biltzen ari den Ni euskalduna bideobloga jarri du martxan: www.nieuskalduna.metroo.es.
Proiektuaren helburuak honakoak dira: “Gure herrien historia eta euskalki ezberdinak biltzea, 2.0 komunitateetan euskararen erabilera sustatzea, Interneten eduki berri bat eraiki eta bertan adin guztietako pertsonak biltzea eta gure aiton-amonak teknologia berrietara hurbiltzea”, azaldu du Susana Martinek, proiektuaren sustatzaileetako batek.

 Ez da esparru honetan egiten ari den ahalegin bakarra. Izan ere, aspalditxotik martxan dagoen ahotsak.com egitasmoaren eta webgunearen helburua ere antzerakoa da, alegia, "Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea”. Asmo horretarako darabilten metodologia ere antzerakoa da, hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Parte hartzeko

 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako kontuak jasotzen ditu gaur gaurkoz ‘Ni euskalduna’ bideoblogak, baina etorkizunean Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko istorioak ere biltzea du xede. “Bideoetan, gure aiton-amonak ikus ditzakegu, elkarrizketa dibertigarri eta interesgarrietan, euren herrietako gauza berezienak kontatzen”. Hartara, euskararen garrantzia eta erabilera, jai nagusien bilakabidea, herriko istorio eta zurrumurruak, pertsonaia famatuak, herriko ohiko lan eta bizimodua, inguruko herriekiko harremana, eskolako ohiturak, gerra garaiko kontuak eta abar kontatzen dituzte. Oraingoz, hamar bat bideo sareratu dituzte, -Mendarokoa tartean- baina elkarrizketak egiteko eskariak jasotzen ari direla azaldu dute.
 Parte hartu nahi izanez gero e-posta bat bidaltzea nahikoa dela azaldu du Susana Martinek. Horren ostean grabazio talde bat bidaliko dute aitona-amonen testigantzak jaso ahal izateko. Udalek ere badutela parte hartzeko aukera gaineratu du.

1706638563464 Aitona-amonen istorioak jaso eta herrietako historia osatu nahi du ‘Ni euskalduna’ bid

Mendaroko txokolatea egunero jateaz nekatuta
 Mertxe Mugerza, Maribel Lazarobaster eta Mariasun Blacia mendaroarrek Mendaroko txokolatea, monjen eskola eta Mendaroko Udala sortu aurreko garaiak izan dituzte hizpide, besteak beste.