Almodovarren azken filmarekin itzuliko dira gaur Ongarriren eguenetako saioak

elgoibarren.net 2012ko urt. 26a, 15:03

Ongarriren zinema martxan da berriro. Gaur (urtarrilak 26) hasi eta maiatzera bitartean eguenero eskainiko du pelikula bat Ongarri Zine klubak. Pedro Almodovarren La Piel que habito izango da aurrenekoa, gaur, 21;30etik aurrera Herriko Antzokian. Aurten, hori bai, sarreren prezioa apur bat garestitu egin dute, eta aurrerantzean bost euro balioko ditu sarrerak.




Otsailaren 9an eskainiko duten "Jodaeiye Nader az Simin" filma iraniarreko fotograma bat.

Zine komertzialetik aldentzen diren filmak, “Bestelako zinea” Ongarrikoen berbetan, eskaini nahi du herriko zine klubak. Datozen emanaldietarako “indar handiko” eta nazioarteko zinemaldirik garrantzitsuenetan sari ugari irabazi dituzten filma sorta batzea lortu dutela azaldu du Iñaki Agirre, Ongarriko kideak. Almodovarren azken proposamenak, La piel que habito filmak, ez du oraindik sari gehiegi jaso, baina hurrengo Goya sarietarako 16 izendapen ditu, tartean Pelikula Onenarena eta Zuzendaririk Onenarena. Orain gutxi ospatu diren Urrezko Globoak sari entzutetsuetan izendatuta ere egon da, ingelesezkoak ez diren filmen kategorian.
 Kategoria horretan irabazi zuen filma eskainiko du, hain justu, Ongarrik datorren astean (otsailak 2), Asghar Farhadren Nader y Simin, una separación filma iraniarra, hain zuzen ere.

 Otsailaren 9an, bestalde, Jean Pierre eta Luc Dardenne zuzendari belgikarren El niño del a bicicleta pelikula eskainiko du Ongarrik. 2011ko Canneseko zinemaldian epaimahaiaren Sari Handia irabazi zuen filmak.
 Azkenik, Europako Zine Sarietan Europako Pelikularik Onenaren saria irabazi zuen Melancolia filma emango dute otsailaren 16an. Lars Von Trier zine zuzendari daniar polemikoaren azken lana da Melancolia.