Udaberrian hasiko dira N-634 errepideko lanak Altzola parean

elgoibarren.net 2012ko urt. 30a, 13:21

 
Altzola paretik igarotzen den N-634 zeharbideko lanak joan den abenduan hasteko asmoa zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azkenean, baina, “Ur Agentziak inguruan egin behar zituen lan batzuen ondorioz”, udaberrian hasi eta udan bukatuko direla lanok jakinarazi dute diputazioko iturriek.

 

 Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak Altzola pareko N-634 errepide zatia konpontzeko lanak hasteko asmoa zuen abenduan. Baina lan horiek azkenean udaberrian hasiko dira, izan ere, Ur Agentziak Elgoibar eta Mendaro artean saneamendua hobetzeko hodi biltzaileak jarri behar ditu inguru horretan eta aipatutako errepideari eragingo diote. Aldundiak Ur Agentziak lanak egin behar zituela jakin zuenean, Ur Agentziarekin hitz egitea eta lanak elkarrekin bideratzea zela “logikoena” erabaki zuen. “Hori baita herritarrei kalterik txikiena eragiteko eta lanak zentzuz egiteko modua”, adierazi dute Aldundiko arduradunek.

Proiektua hobetzeko herritarren ekarpenak
 Ur Agentziak eta Aldundiak adostutakoaren arabera, Ur Agentziak errepide zati horretan egin beharreko saneamendu lanak egingo ditu Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta gainerakoak geroago. Hala, errepideko lanak udaberrian hasiko dira eta udan amaitu. Horrez gain, hainbat herritarrek Aldundiak egindako proiektua (ikus hemen lehen proiektua) hobetzeko ekarpenak egin zituzten eta Aldundiak horiek proiektuan txertatzeko aprobetxatuko du.
 
Segurtasuna hobetzea helburu
 Gogoratu behar da Altzolako zeharbideko lanek oinezkoen eta erabiltzaileen segurtasuna hobetzea dutela helburu. Horretarako, espaloiak, zebrabideak, ibilgailuak mantsoago joan daitezen tresnak eta autobusak gelditu daitezen zabalguneak ezarriko dira, besteak beste.