Kanpaina horren baitan, hiru ardatz edo euskarri erabiltzen ditu Udalak:
- Gutuna: haur jaioberriarengatik zorionak emateko eta euskara erabiltzeko edota ikasteko aholkua emateko. Udalak, bidenabar, euskara ikasteko diru-laguntzak ematen dituela gogorarazten du gutunaren bitartez.
- Triptikoa (ikusi PDFan): gurasoen hizkuntza gaitasuna kontuan harturik, hiru mezu ezberdin prestatu ditu Udaleko Euskara Batzordeak: lehenengoa, guraso euskaldunei zuzendutakoa; bigarrena, guraso erdaldunei zuzendutakoa; eta hirugarrena, guraso mistoei zuzendutakoa.
- “Punpalaplan Euskal Jolasen Bilduma (3)”: Udalak, orain arte, “Kontu Txikiak” eta “Txikia Izanik” izeneko materiala banatu du haurra izan berri duten gurasoen artean. Hala ere, aurrerantzean, “Punpalaplan Euskal Jolasen Bilduma (3)”. Argitalpen honetan, 30 jolas biltzen dituen DVDa, 30 abesti dituen CDa eta liburuxka bat (Jolasa, hizkuntza jarreretan eta jokabideetan eragiteko bide eraginkorra artikulua eta jolas eta abestien inguruko informazioa) aurkituko dituzte gurasoek.
•Euskara erabiltzeko eta ikasteko diru-laguntzak
Beraz, transmisio kanpainaren bidez, Udalak euskara erabiltzeko edota ikasteko deia egin eta euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntzen berri eman nahi die haurra izan berri duten gurasoei. Hala, 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoek matrikularen erdia ordainduko dute Elgoibarko euskaltegietan, eta halaber, beka lortzeko aukera ere izango dute.
Kanpaina bideratu ahal izateko, ezinbestekoa da Elgoibarko bake epaitegiko langileen laguntza, gurasoek epaitegian haurra inskribatzerakoan jasotzen baitituzte Udalaren mezua eta triptikoa. Euskarazko jolas eta abestiei buruzko materiala “Punpalaplan Euskal Jolasen Bilduma” jasotzeko, berriz, Kultur Etxera, Udaleko Euskara Sailera, bertaratu beharko dute, bulego orduetan (07:30-15:00).