•Eskola umeen txanda, gaur
Eztarriak berotu dituzte dagoeneko, eta orain eguraldiak laguntzea baino ez da falta. Meteorologia zerbitzuek eguraldi hotza iragarri dute biharko, baina horrek ez ditu koplariak kikilduko. Elgoibarko eta Mendaroko eskola umeek gaur ospatuko dute santa eskea. Elgoibar Ikastolako haurrak kalez kale ibiliko dira kantuan (15:30ean hasiko da kalejira Ikastolan), eta gainerakoek euren ikasketa zentroetan arituko dira kantuan.
•Mendaroarrak goiztiarrenak
Bihar, Santa Ageda bezperarekin bat eginez, mendaroarrak izango dira eskean irteten goiztiarrenak. 8:15ak aldera batuko dira udaletxe aurrean, eta bildutakoak hiru taldetan banatu eta talde bakoitzak bide bat hartuko du gero. Sahatzu eta Arnoate alderantz abiatuko da taldetxo bat, Gregorio Larrañaga Mañukorta bertsolariarekin batera. Bigarren taldeak Aranerrekako baserriak pasatuko ditu. Asier Lazarobaster Agarre eta Juanito Loiola Lasalde arituko dira koplaka, eta hirugarren taldea Mendarozabalen barrena ibiliko da, Amaia Agirre eta Aitzol Urain Bidaburu bertsolariei lagunduaz. Ondoren, eta ohitura den legez, Aizpe gastronomia elkartean batuko dira guztiak bazkaltzeko. Santa eskean batutako dirua Aingeru Goardakoan auzolanean egin berri dituzten obretako gastuak ordaintzeko izando da.
•Elgoibarren, bi talde
Elgoibarren, 9:00etan irtengo dira Etxegiña taldekoak. Bola-tokian batuko dira, eta gero bi taldetan egin, eta talde bakoitzak bide bat hartuko du. Hamaiketakoa egiteko elkartuko dira, eta ondoren, 14:00ak aldera, Errosario kalean Salbea abestu ostean, Baltasar gastronomia elkartean bazkalduko dute denek elkarrekin. Elgoibarko Izarrarekin batera santa eskean aritzeko izena eman dutenak 10:00etan irtengo dira bihar, eta ahalik eta baserri gehien pasatzen saiatuko dira, orain hogei urte hasitako tradizioari jarraituz. Aurten, 37 lagun irtengo dira kantura, orain arteko gehien, eta okerrik ezean, 22:00ak aldera arte jardungo dira kopla kantuan eta eskean.
BIDEOAK: Joan den urteko santa eskeko bideoak:
{youtube}unlPdHS9qDo&feature=player_embedded{/youtube}
{youtube}pdoQ84jATc8&feature=player_embedded{/youtube}