Agur Andonaegi dorretxeko azken aztarnei

elgoibarren.net 2012ko ots. 7a, 15:20

San Frantzisko kaleko 32. zenbakian egon zen Andonaegi merkatarien etxea, Andonaegi dorretxea, hain zuzen ere. XVI. mendeko agiriek aipatzen dituzten dorretxetik ezer gutxi kontserbatzen bazen ere, geratzen ziren aztarna apurrak, harlanduzko zutabe bat, besteak beste, desagertu dira dagoeneko bertan dagoen etxea botatzeko lanetan, sute baten ondorioz kalte handiak jasan zituen eraikina botatzen dihardute-eta.



1706638534018 Agur Andonaegi dorretxeko azken aztarnei

Atzo, suak erre zuen etxea botatzeko lanek aurrera egin ahala, Andonaegitarren dorretxea izandako eraikinaren zenbait aztarna bistaratu ziren, San Frantzizko kaleko 32. zenbakian dagoen eraikinean. Etxearen albo batean (anbulatorioa dagoen paretik begiratuta, ezkerraldean) argi ikus zitekeen harlanduz eginiko zutabe bat. Pello Arrieta historialari elgoibartarrak Andonaegi dorretxeari zegokion zutabe bat izan daitekeela uste du, baina ez du ondo aztertu eta egiaztatzeko modurik izan, gaur dagoeneko eraitsita zegoen-eta. Errosario eta San Bartolome kaleetan agertzen diren aztarnak edo ondareak legez babestuta badaude ere, gainerako kaleetan ez dago horrelako lege babesik.
Lehen aipamena, 1591. urtekoa
 Pello Arrieta berak Julen Zabaletak elkarlanean idatzitako Elgoibar, iragana eta oraina izeneko liburuan jasota dagoenez, Arrabaleko, hau da, harresietatik kanpo zegoen dorretxe honen lehen aipamena 1591. urtekoa da. Martin Andonaegik eskribauaren aurreko idatzi batean gauzatu zuen protesta bat urte hartako ekainaren seian. “…Martinek dio, arrabalean dorretxe bat duela, eta apaintzeko, etxe aurrean jarlekua, harmaila, eta harrizko denda ('tienda') dituela sorreratik. Alkateak, Joan Ibarra eta Elormendik, Ormaetxea dorretxeko jaunak, kentzeko agindu zuen, berari entzun gabe, eta horrek kalte handia eragin ziola. Martinek herriko kontzejuari pazientzia eta tolerantzia ez ezik, zegokionari justizia ere eskatu zion. Andonaegi jaunak bere aldeko defentsan erabiltzen duen argudio garrantzitsuena, dorretxeko eta etxe aurreko apaintzaileen antzinatasuna (…que no abia memoria de hombres) izan zen.

1706638534088 Agur Andonaegi dorretxeko azken aztarnei

1706638534194 Agur Andonaegi dorretxeko azken aztarnei

Dorretxetik ezer gutxi kontserbatzen zen
 Udalak Arrabaleko etxe hau 24 miliaretan baloratu zuen 1614ko miliaren ebaluazioan, eta une hartan etxea eta dorrea zela zehaztu zen. Halere, XVI. mendeko agiriek aipatzen dituzten dorretxetik ezer gutxi kontserbatzen da, XX. mendearen lehen erdialdean eraberritu baitzen. Beheko solairuak eta izkinek harlandua gordetzen zuten; gainerakoan, garai hartako egitura galdua zuen, Yulen marrazkilariak eginiko lanean (goian) ikus daitekeen moduan.
 Altzolako dorretxea, Errebaleko dorretxea, Jauregietako errota eta San Frantzisko komentuko Santa Ana kapera aipatzen dira Andonaegitarren 1661eko ondasunen artean. Andoaegitarrak dozena bat aldiz izan ziren Elgoibarko alkate,1605etik 1736 bitartean.
Bideoa:
{youtube}uHQU2kYR-eo&feature=youtu.be{/youtube} 
 
Argazkiak: Pedro Andonegi.