Birziklatuz Peruko umeei lagundu

elgoibarren.net 2012ko ots. 10a, 09:52

 
Hondakinak gaika biltzeko edukiontziak eta behin eta berriz erabiltzeko poltsak salduko ditu Gemma Agirregomezkortak merkatu plazan, eta batzen duen diru guztia Peruko haurrei laguntzeko izango da. Hain justu, hilaren 25ean joango da Cuscora Gemma.

 


 Euro erdian salduko ditu Gemma Agirregomezkortak Udalak Elgoibar Berdea programaren baitan prestatu dituen erosketa poltsa berrerabilgarriak, eta euro batean hondakinak gaika biltzeko edukiontziak. Merkatu plazan, lehen taberna egon zen postuan, eskuratu ahal izango dira produktuok eta beste batzuk, etxeko olioa jaso ahal izateko inbutuak, esaterako. Denda goizez bakarrik egongo da zabalik 10:00etatik 13:00etara.

600 haur babestuta
 Hilaren 25ean doa Perura Gemma, bi hilabetarako. Bidaia "gogorra eta nekagarria" dela dio Gemmak, baina, era berean, joateko desiratzen dagoela. Miskik 600 haur dauzka babestuta han, eta hemen batutako diruarekin gutxien-gutxienez haur horien guztien eskolako matrikulazio gastuak ordaintzen dituzte. Gero eta errifa gutxiago saltzen dituela aitortu du Gemmak, baina ez da kexu "gauzak dauden bezala egonda" aurten ere ziurtatuta izango baitute laguntza iaz Miskiren laguntzaren bat jaso zuten haur guztiek. Haur horiek eskolaratzen egiten du ahalegin handiena Miskik.
 

1706638531926 Birziklatuz Peruko umeei lagundu

Oin Alaiko bonoak banatu dituzte
  Elgoibar Berdean jasotako egitasmoekin jarraituz, Maria Luisa Osoro Herri Eskolako boluntarioak eta Rosa Maria Daquinta ikastolako boluntarioak irabazi dituzte Oin Alairen abendu eta urtarrileko bonoak. 50 euroko bono bana jaso dute, Txankakua eta Barren Azokako dendetan gastatzeko. Ondoko argazkian, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatearekin batera.