Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketa irabazi du Iñigo Larizek

elgoibarren.net 2012ko ots. 13a, 14:06

 
Euskal Herriko Mendi Eskiko Banakako Txapelketa irabazi du asteburuan Iñigo Larizek, Luchonen, Frantzian (duela bi aste jokatu zen bikotekakoa). Lasterketa hori Euskadiko Koparako proba puntuagarrietako bat da. Lau dira guztira, eta asteburu honetakoa hirugarrena izan da.

 

  Euskadiko Kopako azken proba, Andres Regil Kopa, martxoko bigarren astean jokatuko da Europako Mendietan. Laugarren proba hori bikoteka jokatzen da, eta Espainiako bikotekako txapelketa ere badenez, euskal selekzioko eskiatzaileren bat izango du lagun Larizek. Euskadiko Kopa osatzen duten lau probetan lortutako hiru emaitzarik onenak hartzen dira kontutan sailkapen nagusirako. Larizek bigarren postu bat (Antxon Bandres memorialeko krono-igoeran lortutakoa), eta Luchonen lortutako lehen postua ditu, orain arte emaitzarik onenak. Hortaz, azken proban aurrean ibiltzen bada, lehen postuetatik gertu sailkatzeko aukera izango du.

Zero azpitik hamalau graduko tenperaturak

1706638530369 Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketa irabazi du Iñigo Larizek

Asteburuan jokatu duen Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketan hiru igoera eta 1.800 metroko desnibela gainditu behar izan ditu eskiatzaile elgoibartarrak. Probaren gogorrari, gainera, hotza ere gehitu zaio aurten (zero azpitik hamalau graduko tenperatura egin du), eta horrek are gogorragoa egin du lasterketa bera. Hala ere, irten ziren unetik lasterketa buruan ibili zen Lariz, uneoro, Javier Tirapu nafarrarekin lehia estuan. Azkeneko jaitsieran erabaki zen txapelketa. Jaitsiera teknikoa zen oso, eta Lariz aurretik zihoan, baina erorikoa izan eta Tirapuk aurrea hartu zion. Zortea bere aldeko izan du, baina oraingoan Larizek, Tirapu bera ere jausi egin zelako aurrerago, eta haren aurretik helmugaratzea lortu zuelako.
  Sailkapen nagusian seigarren egin zuen, baina bera izan zen lehen euskal herritarra, eta hortaz berak jantzi zuen txapela. Emakumezkoetan Amets Maiztegi gailendu zen, Nahia Quinquocesen aurretik. “Handia izan da niretzat, eta oso pozik nago. Denboraldi osoan aurrean ibili naiz, baina batzuetan zorte txarragatik eta besteetan estrategia txarra aukeratzeagatik ez dut ezer egiterik lortu orain arte”, esan du Larizek. (kronika Ikusi mendizaleak blogean)
 
Lotura duten albisteak: