Nora Santiago eta Unai Sanz Gipuzkoako txapeldun kros motzean

elgoibarren.net 2012ko ots. 15a, 09:15

 
Gipuzkoako Kros Labur Txapelketaren barruan, Hernaniko Adarraga Krosa jokatuko zen domekan, Landare Rugby Zelaietan. Hotzari aurre eginez, Mintxeta Atletismo taldeko hainbat kidek parte hartu zuten eta lortu zuten garaipen uztak baldintza gogorretara ederto moldatu zirela erakusten du.


 Hala, Nora Santiagok juniorretan eta Unai Sanzek jubeniletan lortu zituzten lehen postuak nabarmendu behar dira. Hernaniko proban kros motzeko Gipuzkoako txapela jokoan zegoenez, gainera, elgoibartarrak dira txapeldun berriak. Lorea Santiagok ere podiumeko hirugarren koskara igotzea lortu zuen jubenil nesken lasterketan. 3.800 metroko ibilbidea osatu zuten kros motzean parte hartu zuten lasterkariek eta ia izoztuta zegoen zirkuituari bost itzuli eman behar izan zizkioten.

1706638528718 Nora Santiago eta Unai Sanz Gipuzkoako txapeldun kros motzean

1706638528808 Nora Santiago eta Unai Sanz Gipuzkoako txapeldun kros motzean

•Eskolarteko Gipuzkoako Kros Txapelketa
 Bestalde, Eskolarteko Gipuzkoako kros txapelketa ere jokatu zen Landareko Rugby zelaietan eta Mintxeta Atletismo Taldeko antxitxikariak, hemen ere, primeran moldatu ziren. Alebin mailan, esaterako, Herri Eskolako hiru ikaslek eta Elgoibar Ikastolako batek osatutako taldeak irabazi zuen taldekako sailkapena. Hona hemen elgoibartarrek lortutako postuak: Ander Armendia (6. postua), Asier Zabaleta (7. postua), Markel Zabala (15. postua) eta Eneko Bermejo (18. postua). Alebinen lasterketan 62 korrikalarik hartu zuten parte.
 Alebin mailako nesken lasterketan, berriz, seigarren postuan sailkatu ziren Herri Eskolako ordezkariak: Eider Iglesias (27. postua), Alaitz Urtubia (42. postua), Nerea Sasiain (43. postua) eta Saioa Aranburu (44. postua).
•Euskadiko txapelketa Elgoibarren
 Infantil nesken taldeak erakustaldia eman zuen eta bigarren postuan sailkatu ziren Nora Mandiola (5. postua), Maria Arrieta (8. postua), Nagore Bergara (9. postua) eta Nerea Perales (22. postua). Postu honi esker, gainera, bi aste barru Elgoibarren jokatuko den Euskadiko txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu zuten Arreiturre Instututuko ordezkariek.
Azkenik, Christian Aranazek infantiletan lortu zuen 9. postua eta Jesus Arrietak beteranoetan lortu zuen 6. postua nabarmendu behar dira.
 
*Argazkiak: Manu Sanchez.