Alberto Fernandez Espainiako mendi taldean parte hartzeko aukeratu dute

elgoibarren.net 2012ko ots. 16a, 11:06

 
Espainiako mendiko kirol eta eskalada federazioak Espainiako mendi taldea osatzeko aukeratu du Alberto Fernandez elgoibartar gaztea. Hiru urtez egongo da Mikel Zabalza mendigoizaleak zuzentzen duen mutilen mendi taldean. (argazkiak dauzka)

 

 Espainiako mendi taldea osatzeko proba gogorrak gainditu behar izan dituzte hautagaiek eta Espainiako mendiko kirol eta eskalada federazioak zazpi lagun hautatu ditu azkenean, horietako hiru Euskal Mendizale Federazioko kideak, tartean Alberto Fernandez elgoibartarra.
 Fernandez pozik agertu da horrenbeste kirolariren artean aukeratua izatearekin eta martxoan egingo duten lehen irteerarako gogotsu dagoela adierazi du. Mendi taldeak urtean lauzpabost irteera egingo ditu datozen hiru urteetan eta tartean, harkaitz eta izotz eskalada eta eskia praktikatuko dituzte mendizaleek.
 Mikel Zabalza iruñarrak zuzenduko du taldea. Alberto Iñurrategirekin eta Juan Vallejorekin batera ibili da azken aldian Zabalza, Groenlandian lehenengo eta Antartikan gero. Espedizio horietatik itzuli ostean Espainiako mendi taldeko kideak hautatzea izan da bere aurreneko lana.

1706638527029 Alberto Fernandez Espainiako mendi taldean parte hartzeko aukeratu dute

1706638527167 Alberto Fernandez Espainiako mendi taldean parte hartzeko aukeratu dute

17 hautagai eta proba gogorrak
 Otsailaren 10etik 12ra bitartean egin zituzten hautaketa probak Benasquen (Huesca). Espainiako mendiko kirol eta eskalada federazioak (FEDME) jaso dituen historia onenen artean galbaea pasa ostean, 17 hautagai deitu zituen probetan parte hartzera, tartean Alberto Fernandez. Erresistetzia proba bat, eskikoa eta izotz eta harkaitz eskaladako beste bi proba egin behar izan zituzten hautagaiek. Harkaitz eskaladan, esaterako, 6c+/7a zailtasuneko bideak eskalatu behar izan zituzten. Izotz eskaladako proba, berriz, Aigualluts izeneko inguruan egin zuten. Hotz handia egin zuen asteburu osoan eta hortaz, izotza eskalatzeko egoera ezinhobean zegoen.
  • Informazio osoagoa: fedme.es
  • Irakurri hemen: BARREN astekariak 2009an Alberto Fernandezi egin zion elkarrizketa (PDF)