'Sautrela' literatur saioa desagertuko dela baieztatu du Hasier Etxeberriak

elgoibarren.net 2012ko ots. 16a, 13:38

 
“Zabaltzen ari denez, bai, egia da: Apirilaren 8an, 13 urteren ostean, 351 atalarekin desagertu egingo gara”. Programako aurkezle eta zuzendariak, Hasier Etxeberria elgoibartarrak, Twitterren duen kontuan idatzi duen mezuarekin baieztatu du Sautrela literatur saioa desagertu egingo dela betiko.



 Orio Produkzioak ekoizpen etxeak Euskal Telebistarentzat egiten duen literaturari buruzko ETBko saio bakarra da Sautrela. Erreportajeak, elkarrizketak, liburuen kritikak eta literaturaren inguruko beste hainbat kontu aztertu izan dituzte bertan azken 13 urteetan.
  Sautrela ez zuten joan den udazkenean emititu, diru faltagatik, Etxeberriak BERRIA egunkariari, joan den urtarrilean, eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuenez: "Iaz, ez zen dirua iritsi. Orain, 2012ko diruekin abiatu gara. Oraingoz, atal sorta berri bat egitera goaz. … Oraingoz, ez dugu uste hiru hilabete hauek baino harantzago joango garenik".
 Urtarrilaren 21ean hasi zuen azken denboraldia literatur saioak, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenari eskainitako atal monografiko batekin.