Herri Eskolako umeak bi urtez moduloetan daudela salatu du PPk

elgoibarren.net 2012ko ots. 17a, 09:32

Javier Nuñez PPko zinegotziak Herri Eskola handitzeko lanei buruzko hainbat galdera eraman ditu Parlamentura. Herri Eskolako hainbat umek bi modulo prefabrikatuetan jasotzen dituzte eskolak ikastetxean lekurik ez dagoelako, eta hori ez dela Elgoibarko umeek merezi duten heziketa adierazi du Nuñezek. Bere ustez, bi urte "gehiegi" dira egoera honetan egoteko.

  Javier Nuñezek Kalamua Guraso Elkarteko kideekin bildu ostean eraman du Euskal Parlamentura Herri Eskolan egin beharreko lanen atzerapenaren inguruko kezka. Hala, PP alderdiko talde parlamentarioaren bitartez, hainbat galdera helarazi dizkio Hezkuntza Sailburuari, Isabel Celaari.

  Herri Eskolako eraikina berritu eta ikasle gehiagorentzako lekua egiteko proiektua landuta dagoela gogora ekarri du PPko zinegotziak. Lanen lizitazioa egitea bakarrik falta dela adierazi du. Era berean, Ikastetxe Publikoen Azpiegiturak Hobetzeko Ezhokiko Planean Herri Eskolan egin beharreko hobekuntza lanetarako 1.070.000 euroko partida bat jasota zegoela azaldu du. "Lan horiek 2011 eta 2012 urteetan egitea aurreikusten zuen planak baina hasi gabe daude", salatu du.
 Egindako galderei Hezkuntza Sailetik emandako erantzuna jaso ostean, alegia, "Lanak 2012an amaituta egongo direla", norbait gezurretan ari dela uste du zinegotziak. "Nola da posible oraindik hasi gabe dauden lanak 2012a amaitu baino lehen bukatuta egotea?", esan du. Hori dela-eta beste hiru galdera zehatz egin dizkio Celaa Sailburuari Herri Eskolan egin beharreko lanen egoera zertan den argitzeko. "Egin al da lanen eskaintza, eta hala ez bada, noiz egingo da?", izan da lehen galdera. Bigarren galderan lanen hasiera eta amaiera datak zehazteko eskatu du Nuñezek. Azkenik, hirugarren galderan modulo prefabrikatuetan dauden ikasleek noiz arte jarraitu behar duten gela horietan jakin nahi du.

1706638525167 Herri Eskolako umeak bi urtez moduloetan daudela salatu du PPk

Bi urte gela prefabrikatuetan

  Ikastetxea txiki gelditu zitzaiela-eta, 2010eko irailean gela prefabrikatuetan hasi zuten ikasturtea Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleek. Hala, handitzen lanak hasi arte, prefabrikatutako geletan egokitu zituzten ikasleak, lau gelako modulu batean, eta gela horietan jarraitzen dute gaurdaino.

 

Lotura duten albisteak: