Sinuosek ‘The tavern’ izeneko ikuskizuna eskainiko du gaur Kultur Etxeko sotoan

elgoibarren.net 2012ko ots. 17a, 12:57

 
Azken urteotako ohiturari jarraituz, Sinuosek kontzertua emango du gaur (otsailak 17), inauteri jaien harira. The tavern izena jarri diote irudia eta musika uztartuko dituen ikuskizunari. Irudietan aurpegi ezagun bat baino gehiago ikusteko aukera izango da, herriko hainbat lagunek jardun dute-eta aktore lanetan.



 Ikuskizunerako aukeratu duten izenak berak adierazten duen bezala, taberna giroari eskainitako kontzertua izango da gaurkoa. Taberna giroko bost egoera grabatu dituzte egunotan, eta irudi horiei musika jarriko diete zuzenean Iban Urizarrek eta Patxi Zabaletak. Irudi horiek Iratxo tabernan grabatu dituzte, eta herriko hainbat lagunek jardun dute aktore lanetan.
 Sinuoseren kontzertuan ohikoa denez, inprobisazioak indar handia izango du gaurkoan ere. 23:00etan hasiko da kontzertua, eta 22:45ean zabalduko dituzte sotoko ateak.

 Iban Urizarr eta Patxi Zabaleta 1997. urtean hasi ziren inauterien bueltan ekitaldiak antolatzen. Malape tabernan egiten zuten lehenengo, Herriko Antzokian ondoren, eta azken urteotan kultur Etxeko sotoan biltzen dira.