Debabarrenako BTT zentroa onenen artean

elgoibarren.net 2012ko ots. 23a, 15:02

 
Wibikes erakundeak Euskal Herriko eta Espainiako BTT zentroak aztertu ditu, 34 orotara, eta Debabarrenakoa hirugarren jarri du sailkapen zerrendan.

 


1706638499572 Debabarrenako BTT zentroa onenen artean

Wibikes erakundeak egin duen sailkapen horri begira, aipatzekoa da lehenengo bosten artean Euskal Herriko lau daudela: Izkikoa (Araba), Debabarrenakoa, Busturialdea-Urdaibaikoa (Bizkaia) eta Valderejo Añanakoa (Araba). Ibilbideak, zentroa bera, zerbitzuak, tarifak, turismo informazioa, sare sozialetan duten oihartzuna... hartu dituzte aintzat sailkapena egiteko.
 Puntuaziorik handiena Ainsan, Aragoiko Pirinioetan, kokatuta dagoen Zona Zero BTT zentroak lortu du, lortu zitezkeen ehun puntuetatik 49 eskuratuta. Harrera gunea Mintxetan duen Debabarrena BTT zentroak 47 puntu lortu ditu. Azterketaren egileek nabarmendu dutenez, aztertutako 34 zentroetatik sei bakarrik hurbildu dira azterketa gainditzeko gutxieneko notara, eta horrek zer hobetua badagoela adierazten du haien ustez. Ildo horretan, erabiltzaile berriak erakartzeko, zentro ia denek Internet eta teknologia berriak gehiago eta hobeto erabili beharko lituzketela ondorioztatu dute. Web orrialde bat edukitzearekin ez dela nahikoa diote, aitzitik, sare sozialak eta gaur egun eskura ditugun teknologia berri guztiak “sarriago” erabili behar direla ohartarazi dute, erabiltzaileak zentrora erakartzeko "marketing politika" egituratu baten barruan.
 Kirol jarduera eta turismoa ez dituztela behar bezala uztartzen izan da azterketak azaleratu duen beste ahulguneetako bat. Azterketaren egileen iritziz, bi jarduerok “banaezinak eta osagarriak” dira. Kirol eskaintza inguruak eskaintzen duen turismo eskaintzarekin uztartu ezean, bakoitzak bere kabuz ingurua ekonomikoki suspertzeko duten gaitasuna txikiagoa da.

1706638499656 Debabarrenako BTT zentroa onenen artean

1706638499735 Debabarrenako BTT zentroa onenen artean

  *Argazkiak: btteuskadi.net