Motxaila Eguna ospatuko dute zapatuan mendaroarrek

elgoibarren.net 2012ko ots. 24a, 13:04

 
Garai bateko sasikopotzu ohitura zaharrari jarraituz, Motxaila Eguna ospatuko dute bihar (otsailak 25) Mendaron, Aizbeltzko kobazuloan. Han, besteak beste, poesia emanaldia, kantore flamenkoak eta ipuin kontalariak izango dira.

 

Mendaro motxailerria
 Udaberriaren etorrera ospatzeko modu bat zen sasikopotzu, eta mendian ogitartekoa janez eta dantza eginez igarotzen zuten gure arbasoek. Orain dela zazpi urte, tradizio hori berreskuratu zuten mendaroar gazte batzuek, eta gure zaharren ohiturari Mendaroko elemenu identitario bat gehitu zioten (Mendaro motxailerria), biekin inautea edo natura negutik esnatzeko sasoia ospatzeko.
 Motxailerria zen garai batean Mendaro. Udaberriaren etorrera ile moztaileei oso lotua zegoen garai hartan, ardiei eta astoei ilea mozteko kontratatzen zituzten motxailei hain zuzen ere. Iragan hori gogoratzen dute Motxaila Egunean, kultur aniztasuna, hizkuntza biodibertsitatea eta naturaren defentsa oinarri hartuta. (Gehiago jakiteko: BARREN aldizkariaren 729. zenbakiko erreportajean/PDF)
Kantore flamenkoak, poseia emanaldia...
 Mendaroko Lizarrola baserrian elkartu, 11:00ak inguruan, eta aitzbeltz kobazulora abiatuko dira bihar, zapatua. Han, ipuin kontalariak, poesia emanaldia, mitina eta kantore flamenkoaren saioa izango dira, dena ardo onaz lagunduta eta musikaz girotuta. Kobazulotik jaitsi eta 15:30ak aldera Haitzbeltz tabernan bazkaria egingo dute. "Potaje jitanoa eta brazojitanoa" izango dira jateko, eta ondoren, 19:00etan, bertso poteoa hasiko da, Jokin Uranga, Iñaki Gurrutxaga eta Iñigo Izagirre bertsolariekin, eta horiei batzen zaizkienekin.

Alain Ulaziak ipuin eta poema batzuk irakurri zituen iazko Motxaila egunean.


Kobazulotik jaitsi ostean bertso poteoa egingo dute aurten ere.