Lehen postuetan muturra sartzeko aukera ona galdu du Conceptok

elgoibarren.net 2012ko ots. 29a, 09:55

Lehenengo postuetan sailkatuta dauden taldeengana hurbiltzeko aukera ona galdu zuen Concepto Egile areto futbol taldeak Alcañiz taldearen aurka 3 eta 4 galdu eta gero. Batez ere, azken hiru partidak errenkadan irabazi zituztelako eta etxean, zaleen aurrean, jokatzen zutelako. Bestalde, Jon Cejuela "Ceju" jokalaria omendu zuten partida hasieran, hamar urte taldean egin eta gero areto futbola lagatzea erabaki du-eta.


 Bigarren B mailan jokatzen duen estreinako denboraldian lan txukuna egiten ari da Concepto Egile taldea. Etxean, batez ere, emaitza oso onak lortu dituzte orain arte eta Olaizaga kiroldegitik punturen bat ateratzea garesti jarri dute. Azken partiduan ere halaxe izan zen, eta Alcañizek azken minutuan sartu zuen garipenaren gola. Aragoiarrek, dena dela, gehiago zirela erakutsi zuten. Terueleko taldeak liga amaieran zeresana emango duten jokalari oso biziak dituela erakutsi zuen Elgoibarren.
Goiko postuei begira
 Honenbestez, errenkadan lortutako hiru garaipeneko bolada ona eten du azken porrotak. Hala eta guztiz, sailkapeneko beheko postuei baino goikoei begira jarraitzen du Conceptok. Une honetan bederatzigarren postuan sailkatuta daude 28 punturekin. Igoera faseko kanporaketak jokatzeko aukera ematen duten lehen eta bigarren sailkatuek 36 puntu dituzte, baina hirugarrengotik hamargarren sailkatura arte sailkatutakoen artean lehia estua da. Hirugarren postuak, gainera, datorren denboraldian Kopa txapelketa jokatzeko aukera ematen du.

Jon Cejuela

Debabarrena klubeko arduradunek, talde nagusiak orain arte erakutsitako joko maila eta lehiakortasunean oinarrituta, goiko postuekin amets egitea zilegi dela uste dute. “Sailkapenari begiratuz gero, berdintasuna da nagusi eta, seguruenez, erregulartasun handiena erakusten duten taldeak sailkatuko dira liga amaieran aurreneko hiru postuetan. Conceptok, azken denboraldietan eta aurten egiten diharduen moduan, etsi gabe lanean jarraituko du. Horixe izan da orain arte talde honen sekretua: Porrota zenbat eta handiagoa, erantzuna are sendoagoa izan da". Datorren asteburuan Burgosen jokatuko duten partiduan dute amets egiten jarraitzeko beste aukera bat.