Senior emakumezkoen taldeak, Tecnifuellek, sailkapeneko bigarren sailkatuaren bisita jaso zuen, IES Construccion taldearena, hain zuzen ere, ligako 14. jardunaldian. Aurkari zuzena aldentzeko aukera ezin hobea zen eta elgoibartarrek ez zuten aukera alferrik galdu. Erakustaldia eskainiz 35 eta 21 hartu zituzten mendean arabarrak. Liga txapelketa amaitzeko lau jardunaldiren faltan, hiru puntuko aldea ateratzen dio orain Tecnifuellek IES Construccion taldeari. Orain arte hamabi partida irabazi eta bi bakarrik galdu dituzte elgoibartarrek denboraldi honetan. (ikusi hemen: sailkapena)
•Autobusa Alkorta animatzera
Hurrengo jardunaldian, martxoaren 3an, partida erabakigarria jokatuko dute elgoibartarrek, Leioan. Hirugarren postuan dagoen Quiron Askartza taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Sanlok partidua ikustera eta animatzera joan nahi dutenentzako autobusa antolatu du. Madalatik irtengo da autobusa 18:30ean (partida 20:00etan hasiko da) eta zortzi euro balio ditu autobus txartelak. Eguena baino lehen eman behar da izena honako telefonoetan: 686 608 224 – 609 427 083.
*Argazkiak: sanlo.net