Esteban Antxustegi ikerlaria saritu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

elgoibarren.net 2012ko ots. 29a, 15:28

 
Agirre Lehendakaria Saria banatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak estreinakoz, eta sari nagusia, filosofian doktorea eta EHUko irakaslea den Esteban Antxustegi elgoibartarrak aurkeztutako lan batek jaso du.

 
 

Esteban Antxustegi (ezkerrean), Garbiñe Errekondo eta Xabier Ezeizabarrena.

 
“Actualidad y retos de la filosofía política” izeneko lanarengatik irabazi du Esteban Antxustegik Agirre Lehendakaria Saria. Sari nagusiak 16.000 euroko zuzkidura du. Bestalde, Agirre Lehendakaria Sariaren akzesita Xabier Ezeizabarrenak jaso du, “Nueva soberanía y derechos fundamentales en la UE. Apuntes desde Escocia y Euskadi” izeneko lanarengatik. Joan zen astelehenean jaso zuten saria, Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko foru diputatu Garbiñe Errekondoren eskutik.
 
•"Inspirazio-iturri izan daitekeen lana"
 Epaimahaiak nabarmendu du filosofia politikoaren ezagutzan sakontzen duen lana dela Antxustegirena, eta, aldi berean, gaur egungo eztabaidetara hurbiltzen dela eta ideien eta praktika politikoen inguruko hausnarketa kritikoa egiten duela. Horrek interes handiagoa ematen dio ikerketari, inspirazio-iturri izan daitekeelako praktikan aplikatzeko orduan eta gaur egun erabilgarriak diren aplikazioetan gauzatzeko orduan, hala nola, hiriaren eraikuntzaren inguruko eztabaidan.
   Gipuzkoako Foru Aldundiak Agirre Lehendakaria Sariaren deialdia egin zuen, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zeneko berrogeita hamargarren urteurrenaren ekitaldien esparruan, azterketak eta ikerketak sustatzeko gizarte zientzien diziplinan, eta bereziki, zientzia politikoen alorrean.
 Esteban Antxustegi Filosofian doktorea eta Filosofian eta Zuzenbidean lizentziaduna, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko Filosofia Moral eta Politikoko Areako irakasle titularra da. Aurrekoez gain, nazionalismoaren gaian aditua -hain zuzen ere, sortzaileari buruz egin zuen dotoretza-tesia- da eta filosofia moral eta politikoari buruzko zenbait liburu idazteaz gainera, iritzi-artikuluak idazten ditu zenbait egunkari eta aldizkaritan.

Lotura interesgarriak:

 

*Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia.