Elgoibarko leku-izenen mapa aurkeztuko du gaur Udalak

elgoibarren.net 2012ko mar. 1a, 09:30

 
Elgoibarko mapa toponimikoa aurkeztu eta banatuko du gaur (martxoak 1) Udalak Kultur Etxeko Hitzaldi gelan, 19:00etan, egingo den aurkezpen-ekitaldian. Guztira 3.500 ale argitaratu dira eta mapaz gain, herriko toponimiari buruzko 1.000 liburuxka ere kaleratu ditu Udalak.

 

 Herriko kale, industrialde, auzo, baserri, aurkintza, erreka eta mendiak jasotzen ditu Elgoibarko leku-izenen mapak. Gotzon Garate bekaren bidez egindako ikerketa toponimikoan jasotako izen guztiak 2.300 izan diren arren denak mapan sartzea ezinezkoa dela onartu dute arduradunek eta leku-izen garrantzitsuenak, 800 inguru, jaso dira azkenik mapan.
Mapa eskuratzeko
 Ikerketa toponimikoa gizarteratzeko erabiliko dute mapa toponimikoa argitaratzeko, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du Udalak. Guztira 3.500 ale argitaratu dira, eta Geograma izan da mapa egiteaz arduratu den enpresa. Udaleko Euskara Sailak izango du mapak banatzeko ardura. Baserrietara, eskoletara, euskaltegietara, herriko entitate eta elkarteetan banatuko ditu ale batzuk baina herritarrek ere izango dute mapa eskuratzeko aukera. Euskara Sailak Kultur Etxean duen bulegora jo beharko dute mapa eskuratu nahi duten herritarrek, honako ordutegian: 7:30etik 15:00etara. Udalaren arreta bulegoan ere egongo dira mapak eskura. Gai honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, edota eskaera berezietarako, deitu 943 744 366 telefono zenbakira edo mezu bat bidali ondorengo helbide elektronikora euskara@elgoibar.org . www.elgoibar.org web gunean ere kontsulta daiteke mapa.
1.000 liburuxka
 Mapaz gain, herriko toponimiari buruzko eskuorri bat prestatu du Udaleko Euskara Sailak eta 1.000 ale kaleratuko dituzte. Ikerketaren nondik norakoak azaltzea dela material honen helburua azaldu dute. “Zergatik jaso den herriko toponimia, zelan egin den ikerketa, leku-izenen idatzizko grafia arautzeko Euskaltzaindiak ezarritako irizpideak zeintzuk izan diren eta mapan jaso diren toponimo garrantzitsuenen zerrenda”. Hau da, “helburu didaktikoa” izango du liburuxkak.