Bigarren postuan sailkatu da Iñigo Lariz Azpeitiko Zuzenien mendi lasterketa bertikalean

elgoibarren.net 2012ko mar. 5a, 11:50

Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Zirkuituko lehen proba, Zuzenian mendi lasterketa, jokatu zen domekan Azpeitian. Ionut Alin Zinca moldatu zen hobekien ibilbide busti eta irristakorrera eta Iñigo Lariz sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik minutu eta erdira. Mendi lasterketetako munduko kopako iazko irabazlea, Luis Alberto Hernando (Burgos, Espainia), sailkatu zen elgoibartarraren atzetik.


  Inoiz baino kirolari gehiagok parte hartu dute aurten Azpeitiko IV. Zuzenien mendi lasterketa bertikalean. Guztira 167 neska-mutilek parte hartu zuten Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako proban. Kantitatez bakarrik ez, kalitatez ere maila handiko kirolariak batu ziren, domekan, Azpeitian. Han ziren, esate baterako, mendi lasterketetako munduko kopako iazko bi txapeldunak: Oihana Kortazar (Elgeta) eta Luis Alberto Hernando (Burgos, Espainia).

1706638481747 Bigarren postuan sailkatu da Iñigo Lariz Azpeitiko Zuzenien mendi lasterketa bertikale

Ezkerretegi baserriaren aurretik irten eta 2.800 metroko bide maldatsua igo ondoren, Izarraitzera, Xoxoteko San Inazioren irudiaren ondoraino igo behar zuten parte hartzaileek. Lasterketako ibilbidea berez gogorra bada, lokatzak eta lur zoru irristakorrak proba oraindik gehiago zaildu zutela dio Iñigo Larizek. “Behin eta berriz irristatzearen ondorioz indar asko alferrik galtzen dira”, azaldu du. Ibilbidearen egoera ikusita denbora on bat egiteko aukera gutxi izango zituela uste zuen elgoibartarrak, baina usteak erdi ustel, igoeraren bigarren zatian zangoak indar betez zituela igarri baitzuen, eta proba honetan zuen marka pertsonala ondu zuen helmugan, 30 minutu eta 49 segundoko denborarekin.
 Gasteizen bizi den errumaniar jatorriko Ionut Alin Zinca antxitxikariak bakarrik egin zuen Larizek baino denbora hobea (29:19). Hirugarren postuan sailkatu zen lasterketa irabazteko faboritorik argienetakoa, Luis Alberto Hernando, mendi lasterketetako munduko kopako iazko irabazlea, eta Europako txapelduna. Aitor Osoro elgoibartarrak ere hartu zuen parte proban. Sailkapen nagusiko 53. postuan sailkatu zen 37:57 denborarekin.
Lafuma Iberica taldearen fitxaketa berria
  Iñigo Lariz Lafuma Iberica markaren irudia izango da aurrerantzean parte hartzen duen lasterketetan. Marka frantziarrak Pirinioen alde honetan ezagutarazi nahi ditu bere produktuak eta Lariz aukeratu dute marka irudi gisa. Joan zen domekan, Azpeitian, estreinatu zuen elgoibartarrak babesle berria. Mendi lasterketen denboraldiko estreinako proban egindako lanarekin “oso oso gustora” geratu da Iñigo Lariz. Bere blogean irakur ditzakezue Azpeitiko lasterketaren inguruan idatzi dituenak.
 Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Zirkuituko bigarren proba Txindokikoa izango da, ekainaren 17an.

Luis Alberto Hernando eta Iñigo Lariz.

Aitor Osoro.