Irrintzi, dema eta bertso artean joan dira Aingeru Guardako jaiak

elgoibarren.net 2012ko mar. 5a, 15:14

Aurten ere giro onean joan dira Aingeru Guardako jaiak Mendaron. Zapatu goizean, Arnoateko Igoeraren jokatu zen eta Igon Manzizidor debarrak irabazi zuen (21:55) proba. Domekan, berriz, bertsoek eta herri kirolek jarri zuten jai giroa eta irribarre bat baino gehiago sorrarazi zuen irrintzi lehiaketak.


Garaipena Manzisidorrentzat, baina errekorrorrik ez

26 lagunek parte hartu dute II. Arnoatera igoeran.

Aingeru Guardako jaien barruan, Arnoatera igoera antolatu dute aurten, bigarren urtez. Iaz baino zortzi lagun gehiagok, 26 atletak orotara, parte hartu zuten proban. Igon Manzisidor izan zen 4,5 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrena, 21 minutu eta 55 segundoko denborarekin. Lasterketaren erdi aldera jo zuen aurrera Manzisidorrek eta bakarrik egin zuen helmugara arteko bidea. Garaipena eskuratu arren, Debako korrikalariak ez zuen Oier Ariznabarretak estreinako edizioan ezarritako marka (20:42) ontzerik lortu. Bigarren postuan Unai Bengoa itziartarra sailkatu zen (22:44).
Jon Larrañaga izan zen lehen mendaroarra. Bosgarren postuan (23:34) sartu zen helmugan Larrañaga. Iaz moduan aurten ere gizonezkoak izan dira parte hartzaile guztiak.

Bertsoak eta irrintziak
 Domekan, berriz, Aingeru Guardako ermita inguruan hasi zuten eguna. Meza ostean, herri kirolez eta bertsoez gozatzeko aukera izan zuten han. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso ziren bertsotan aritzekoak, baina Lizasok ezin izan zuen garaiz ailegatu eta Aitzol Urain herriko semeak jardun zuen Egañarekin bertsotan. Ez nolanahi gainera, eta Egañak berak ere halaxe aitortu zion. Lizaso bazkaltzera agertu zen azkenean eta bazkalostean bertsolariek girotu zuten giroa. Ez ziren bakarrak izan, ordea, Irrintzi Lehiaketako partaideek ere ikuskizun aparta eskaini zuten-eta. Mari Jose Larrañagak bota zuen irrintzirik onena epaimahaikideen iritziz.
 Azkenik, Plaza auzoko baserrietako produktuz beteriko otarra zotz egin zuten eta Unai Salegik irabazi zuen saria.
 
Argazkiak:

Igon Manzisidor irabazlearen garaikurrarekin.

Unai Bengoa.


Iñaki Gil (ezk.) eta Jon Larrañaga.

1706638475755 Irrintzi, dema eta bertso artean joan dira Aingeru Guardako jaiak

Aitzol Urain eta Andoni Egaña aritu ziren bertsotan.

Bertsoek Aizpen izan zuten jarraipena, bazkalostean.

Arrate Iriondo irrintzia botatzen. Ondoan, begira, lehiaketako irabazlea: Mari Jose Larrañaga.


Florentino Larrañagak irrintzia bota zuen unea.

Aingeru Guardako jai batzordeko kideetako batzuk.

Unai Salegik (esk.) Silberio Txurrukaren eskutik jaso zuen otarra.

1706638476316 Irrintzi, dema eta bertso artean joan dira Aingeru Guardako jaiak

1706638476396 Irrintzi, dema eta bertso artean joan dira Aingeru Guardako jaiak