Vanpopel izango da hasierako talde gonbidatua Rosario Floresek Zarautzen eskainiko duen kontzertuan

elgoibarren.net 2012ko mar. 7a, 14:20

Udaberrifest musika jaialdia egingo dute Zarautzen, martxoaren 31tik maiatzaren 26ra bitartean. Hainbat estilotako musika kontzertuak eskainiko dituzte jaialdian eta Rosario Flores izango da izar nagusienetakoa. Lola Flores zenaren alaba gazteenak maiatzaren 26an emango du kontzertua Zarauzko Udal kiroldegian, eta, Zuhaitz Gurrutxagak gidatzen duen Vanpopel taldeak egingo ditu atariko lanak.


  Zarauzko Udaberri Jaialdiaren bigarren edizioa martxoaren 31n hasiko da eta estreinako edizioan egin zuten moduan, estilo desberdinetako hainbat musika kontzertu uztartuko ditu Zurekin Zarauzko Ostalarien elkarteak antolatutako musika jaialdiak. Antolatzaileek izen handiko taldeak lotu dituzte aurtengorako eta bakoitza bere generoan “prestigio handikoa” dela adierazi dute. Besteak beste, Rosario Flores, Soziedad Alkoholika, Bizardunak eta Gatibu izango dira aurten izar nagusiak.

1706638468330 Vanpopel izango da hasierako talde gonbidatua Rosario Floresek Zarautzen eskainiko due

Rosario Floresek emango duen kontzertuak itxiko du, hain zuzen ere, jaialdia maiatzaren 26an, eta, Vanpopel taldea izango da hasierako talde gonbidatua. Zarauzko Udal kiroldegian izango da kontzertua 22:30ean. Hortaz, bere musika proposamena ezagutzera emateko aukera paregabea izango du Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak gidatzen duen taldeak. Vanpopelek Myspacen duen gunean entzun ditzakezue taldearen hainbat kanta. Nahi izanez gero, zuzenean ere entzun ahal izango duzue Vanpopel taldea, barixaku honetan, martxoaren 9an, zuzeneko kontzertua eskainiko dute-eta, Mungiako Kos Taska tabernan, 22:30ean.
Sarreren salmenta
Zarauzko bi gunetan, Munoa plazan eta Udal kiroldegian, izango dira kontzertu guztiak maiatzaren 26ra bitartean. Sarrerak eskuragarri daude Kutxa.net plataformaren bidez edota 943-001 200 telefonora deituta eskura daitezke kontzertuotarako txartelak, aurrez. Zarauzko ohiko tabernetan ere erosi ahalko dira, esate baterako, Txiki-Polit eta Eguzki tabernetan. Jakinarazi dutenez, sarrerak merkeago izango dira aurrez. Hala ere, egunean bertan ere leihatilan eskuratu ahalko dira. Rosario Floresen emanaldirako sarrerak 28 eurotan salduko dituzte leihatilan; aurrez erosten dituztenek, berriz, 25 euro ordaindu beharko dituzte.