Kalean da Bicefalopedia, Munlet taldearen hirugarren diskoa

elgoibarren.net 2012ko mar. 7a, 15:21

 
Bicefalopedia izena jarri dio Mendaroko Munlet bikoteak kaleratu duten hirugarren diskoari. Beraiek grabatu eta ekoiztu dute disko berria El Cubo estudioetan. Diskoko abestiak ezagutzera emateko bira txiki bat hasiko dute, eguen honetan, Bilbon. Zapatuan, martxoaren 10ean, berriz, Eibarko Gaztetxean eskainiko dute zuzenekoa.



'Bicefalopedia' diskoaren azala.

Ina Herr Professor eta Anita LadyFingers bikoteak osatzen du Munlet taldea. Aurreko lanetako ildoari jarraituz, musika elektronikoa, punka eta esperimentazioa dira disko berri honen osagai nagusiak. Formatu digitalean, biniloan eta CDan argitaratu dute Bicefalopedia, eta interesatuek hainbat modu dituzte diskoa eskuratzeko: Hilabete honetan, esate baterako, prezio berezian erosi daiteke diskoa munlet.bandcamp.com helbidean. Biniloak Holandako Record Industry etxean ekoiztu dituzte eta “kalitate gorenekoak” direla argitu dute taldekideek. CD formatuak ere badu berezitasunik, islatzailea baita, hau da, iluntasunean argia egiten dutenetakoa. “Ezaugarri horiekin Espainiako estatuan ekoiztu den bakarra dela uste dugu”.

Diskoaren aurkezpen bira
  Bihar (martxoak 8) egingo dute mendaroarrek diskoaren aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian, eta dagoeneko iragarri dituzte zuzeneko emanaldiak. Datorren zapatuan, martxoak 10, Eibarko gaztetxean joko dute eta hilaren 17an, Valentzian eskainiko dute kontzertua. Apirilean eta maiatzean ere eskainiko dituzte zuzenekoak, Bermeon, Gasteizen eta Madrilen. (ikusi hemen kontzertuen egutegia)
Paco Alcazar marrazkilari ezagunak (El jueves, Art de Lux, El Pais, Rolling Stone…) egin ditu disko berrirako marrazkiak, eta Imanol Gabilondo argazkilari elgoibartarrarenak dira bertan ageri diren argazkiak.
  • Munlet taldearen bandcamp webgunean rock eta elektronikaz josiriko lan berri hau entzun daiteke.