Elkarretaratzea martxoak 8 ospatzeko

elgoibarren.net 2012ko mar. 8a, 11:32

 
Elgoibarko Udalak, Haizea emakume taldeak eta Elgoibarko Emakumeen Asanbladak ekitaldi sorta antolatu dute Martxoak 8 dela-eta. Azken biek elkarretaratzea deitu dute, gaurko, Plaza Handian, 20:00etan. Udalak antolatuta, bestalde, ‘Ipuin ez sexistak” kontatuko ditu Maider Galarza haurrentzako ipuin kontalariak liburutegian, 17:00etan hasita.


 Haizea emakume taldeak eta Elgoibarko Emakumeen Asanbladak hilaren 8rako biek batera antolatu duten elkarretaratzera deitu dute. 20:00etan izango da elkarretaratzea, Plaza Handian. Horren harira, antolatzaileek adierazi dute orain artean emakumeen eskubideen alde lortutakoa ospatzeko ez ezik, egungo egoera salatzeko ere baliatu nahi dutela Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Ipuin ez sexistak eta antzerkia
  Elgoibarko Udalak ere ekitaldi sorta antolatu du. Maider Galarza ipuin kontalariak haurrentzako ‘Ipuin ez sexistak’ kontatuko ditu gaur arratsaldean, Gotzon Garate Udal Liburutegian. Bi saio eskainiko ditu. Lehen saioa, 17:00etan, HH4 eta HH5eko haurrentzako izango da. Bigarren saioa 17:30ean hasiko da eta LH1, LH2 eta LH3ko ikasleentzat izango da. Euskaraz izango dira.
 Barixaku honetan, martxoaren 9an, berriz, “Como como coco me descoco poco” izeneko antzezlana eskainiko du Quemadura Teatro konpainiak Herriko Antzokian (20:30). Antzezlan horretarako sarrerak dohainik izango dira, Kutxaren Gizartekintzaren babesari esker. Azkenik, Udaleko Berdintasun Sailak maitasun erromantikoei buruzko tailerra antolatu du Martxoaren 31rako. Udaleko Arreta bulegoan eman daiteke izena.

Munduko dantzak eta bazkaria
  Bestalde, gogoratu, Elgoibarko emakume mendizaleei buruz Haizea emakume taldeak antolatu duen erakusketa martxoaren 10era arte egongo dela ikusgai, Kultur Etxeko erakusketa gelan. Haizeak ‘Munduko dantzak’ izeneko ikastaroa ere antolatu du larunbaterako. Idoia Lekue izango da irakaslea eta Europa Ekialdeko hainbat dantza tribal ezagutzeko eta dantza egiteko aukera izango dute izena ematen duten lagunek. Kultur Etxeko sotoan izango da ikastaroa, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Dantza egin ostean, Haizeak urtero antolatzen duen bazkarian berreskuratu ahal izango dituzte indarrak dantza ikastaroko partaideek edo hala nahi dutenek. Sigma jatetxean egingo duten bazkarirako izena eman nahi dutenek Pitxintxu dendara jo besterik ez dute izena ematera. Haizeako bazkideek 26 euro ordaindu beharko dute bazkaria eta 29 euro bazkide ez direnek. Dantza ikastaroko izen ematea ere Pitxintxun egin behar da.

Foru Aldundiaren adierazpen instituzionala
 Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egin du “gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko lanean jarraitzeko” konpromisoa eta “lehentasun” gisa ezarri du bizitzako alor guztietan eragina izango duten politika integralen diseinu eta garapena, “egiturazkoa den arazoari erantzuteko” modu bakarra baita. Hala jasotzen da Diputatuen Kontseiluak Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta joan den martxoaren 6an onartu zuen adierazpen instituzionalean.
Elgoibarko Udalaren adierazpena
 Elgoibarko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egin duen adierazpena eta hartu duen konpromisoaren berri Elgoibar udal aldizkarian aurkituko duzue. Bertan, emakumeen eta gizonen eskubide guztiak osotasunean bermatzea beharrezkoa dela adierazi du Udalak, “dagoeneko gure artean dagoen desberdintasunezko arrakala gehiago zabal ez dadin”. Berdintasunaren aldeko tokiko politikak indartzeko konpromisoa “orain inoiz baino gehiago” hartzen duela gaineratu du. “Krisiak sortutako erronka gure gain hartzen dugu, jakin badakigu-eta, egungo krisi egoeran hainbat agente sozialek abiaraziko dituzten neurriak eragin desberdina izango dutela emakumeengan edo gizonengan. Berdintasuna bultzatzen duen Udala izan nahi dugu”.

Lotura duten albisteak: