Deba ibaira erori zen gizon bat martitzenean borroka batean parte hartzen ari zenean

elgoibarren.net 2012ko mar. 8a, 18:05

 
Borroka batean parte hartzen ari ziren lau lagunetako bat Deba ibaira erori zen joan den martitzen goizaldean, 0:30ak aldera. N-634 errepide nazionaletik, autobus geltokia dagoen paretik, jausi zen gizona ibaira (ondoko argazkian). Harrigarria bada ere, zauri larririk gabe atera zuten ibaitik.




1706638467192 Deba ibaira erori zen gizon bat martitzenean borroka batean parte hartzen ari zenean

Kalegoen plazan (Plaza Handian) borroka bat zegoela-eta bertaratzeko abixua jaso zuten udaltzainek joan den martitzen goizaldean, zehazki, 0:36ean. Udaltzainak azaldu zirenean lau lagun ikusi zituzten, eta, antza denez, hiru lagun ziren bestearen atzetik zebiltzanak. Udaltzaingoko iturriek jakinarazitakoaren arabera, "udaltzain agenteak hurreratzen ikusi zituztenean, bertan behera laga zuen jazarpena lagunetako batek, udaltzaingoek bi geldiarazi dituzte eta laugarrenak ibaira salto egin du".
 Hori ikusirik, udaltzainak eta pixka bat beranduago bertaratu ziren Ertzaintzako agenteak gizonaren bila hasi ziren linternen laguntzaz. Anbulantzia bat eta suhiltzaileen laguntza ere eskatu zituzten, erorikoa larria izan zitekeela aurreikusiz, metro askoko erorikoa baita. Bila ibili ostean aurkitu zuten gizonezkoa erori zen tokia eta, guztien harridurarako, "zauri larririk gabe" atera zuten Deba ibaitik. Zorionez, pare horretan dagoen ibaiertzean landaretza dago ura beharrean, eta baliteke zuhaixkek erorikoa leundu izana. Ospitalera joateko aukera eskaini zioten arren, ez zuen onartu. Lau lagunak identifikatu ostean amaitu zen zalaparta guztia.
Gerritik gora biluzik
 Aste barruan izan zenez, eta ordu txikietan, gainera, lekuko gutxi eduki zituen borrokak. Egon zen, hala ere, gertakari guztia osorik jarraitzeko aukera izan zuen bizilagunik. Horietako baten lekukotza jaso ahal izan dugu eta bere berbetan "harrigarria eta esperpentikoa" izan zen lau gizonek eskaini zuten "ikuskizuna". "Gerritik gora biluzik zeuden guztiak eta errepide nazional erdian ari ziren borrokan, autobus geltokitik goraxeago. Ordu horretan ez zegoen trafiko handiegia, baina auto baten zirkulazioa oztopatzera ere ailegatu ziren. Gero, beraietako bat, ibaira erori zen edo salto egin zuen". Etxeko leihotik ikusten ari zirena "sinistu ezinda" jarraitu zituzten akziozko pelikula batetik atereak ziruditen irudiak.