Ibiltarixa bueltan da berriz ere Laponian

elgoibarren.net 2012ko mar. 13a, 13:31

Bere blogari jarri zion izenburuari –Ibiltarixanak- ohore eginez, ibiltari nekaezina da Alberto Agirreazaldegi. Duela lau urte Rajalta Rajalle Hiito izeneko eski nordiko proban parte hartu zuen Laponia finlandearrean. Orain, berriz itzuli da paraje elurtu haietara. Ibilera guztiak kontatzen dihardu bere blogean. Besteak beste, munduko eski proba zaharrena, Vasaloppet izenekoa, bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du.


 Orain dela lau urte joan zen Alberto Agirreazaldegi estreinakoz Laponiara eta orduko ibilerak kontatzeko sortu zuen, hain justu, Ibiltarixanak bloga. Martxo hasieran bidaia berri bat hasi zuen Agirreazaldegik samiak bizi diren lurraldeetan zehar, eta ibilerok ere, nahi izanez gero, bere blogean jarrai ditzakezue.

Munduko eski proba zaharrena eta luzeena

Alberto Agirreazaldegi Suediako baso batean.

Laponiara ailegatu aurretik, bidaiaren lehen astean, Vasaloppet eski proba famatua ikustera joan ziren Agirreazaldegi eta berarekin batera Euskal Herritik joandako lagunak. 1922tik urtero egiten da proba hori Suedian eta munduko eski proba zaharrenetarikoa eta luzeenetarikoa da (ikus informazioa probaren webgune ofizialean eta wikipedian). Orain dela ia 500 urte daniarren aurkako errebolta gisa hasi zena –1523-1560 urteetan Suediako errege izango zen Gustav I. Vasa erregeak soldadu daniarrengandik ihesi Salen-era ihes egin behar izan zuen 1521ean, altxamendurako sua piztuz- Suediako kirol proba ezagunetarikoa bihurtu da Vassaloppet; Salen herrian hasi eta Mora herrian amaitzen den 90 kilometroko proba. Martxoko lehen domekan egiten da urtero eta 15.000 eskiatzaile baino gehiagok hartu zuten parte aurten.
 Alberto Agirreazaldegik eta bere lagunek ezin izan zuten proban parte hartu, horretarako “askoz lehenago eman behar izaten da-eta izena”. Alabaina, probaren hasiera ikusten izan ziren eta hurrengo egunean parte hartzaileek egiten duten ibilbidea jarraitu zuten euren kasara.

Zeharkaldia trineoekin
 Bidaiaren bigarren astean Suediako ipar mugan, Laponiako ateetan, dagoen Abisko herria eta izen bereko parke nazionala ezagutuko dituzte euskaldunek. Han, aste osoko eski zeharkaldia egingo dute, zama guztia trineoetan jarri eta hari tiraka.

Albertoren blogetik hartutako zenbait argazki:

1706638461087 Ibiltarixa bueltan da berriz ere Laponian

1706638461183 Ibiltarixa bueltan da berriz ere Laponian

1706638461296 Ibiltarixa bueltan da berriz ere Laponian

1706638461392 Ibiltarixa bueltan da berriz ere Laponian

1706638461487 Ibiltarixa bueltan da berriz ere Laponian

1706638461584 Ibiltarixa bueltan da berriz ere Laponian


Lotura duten albisteak: