Tecnifuelle Elgoibar Sanlo, Euskadiko txapeldun

elgoibarren.net 2012ko mar. 13a, 17:54

Tecnifuelle Elgoibar Sanlo eskubaloi taldea da 2011-12 denboraldiko Euskal Ligako txapeldun berria. Elgoibartarrek ez zuten hutsik egin etxean jokatu zuten partiduan, eta, aldiz, liga irabazteko aukerak zituen beste taldeak, Gasteizko IES Construccionesek, galdu egin zuen. Honenbestez, ez dago Tecnifuellekoei lehen postua kentzeko aukerarik. Igoera fasean mailaz igotzea izango dute hurrengo erronka. Alcorta Forging Group Sanloko senior mutilek ere euren esku dute playoffetarako sailkapena.


 Tecnifuelle taldearen aldekoak izan ziren liga txapelketako azken jardunaldiko emaitzak. Batetik, Olaizaga kiroldegian jokatutako partiduan, 27 eta 21 hartu zuten mendean Zarauzko Aiala taldea. Eta, bestetik, Gasteizko IES Construcciones taldeak galdu egin zuen Kukullagaren aurkako partidua. Bi emaitza horiei esker, Euskal Liga txapelketa irabazi du matematikoki (ikus sailkapena) talde elgoibartarrak. Orain, igoera faseko partidena jarriko dituzte indar guztiak, mailaz igotzeko aukera izango dute-eta jokoan.

Alkortak partida erabakigarria
 Alcorta Forging Group Sanloko senior mutilen taldeak ere eskura du igoera faserako sailkapena. Horretarako, baina, hirugarren sailkatuaren aurka Romon jokatuko duen partida irabazi beharko dute elgoibartarrek, datorren asteburuan. Sanlok, aurrez egin izan duen moduan, Romo Indupime taldearen aurka, zapatuan (martxoak 17) jokatuko duen partida erabakigarria ikustera joateko autobusa antolatu du, jokalariek zaleen babesa izan dezaten. 16:00etan irtengo da autobusa Txarriduna ondotik. Une honetan sailkapeneko bigarren postuan dago Alkorta eta lehen bi postuek ematen dute igoera fasea jokatzeko eskubidea.

Euskadiko txapelketako finala jokatuko du IMHk
 Sanlo klubeko taldeei buruzko berri onekin jarraituz, IMH Sanlo kadete nesken taldeak Euskal ligako Euskal Txapelketaren finala jokatzeko sailkatu dira. Lau taldek jokatuko dute finala.