Eneko Iturbe aukeratu dute 'Diseinatzaile Berriak' lehiaketako hamar finalisten artean

elgoibarren.net 2012ko mar. 14a, 13:16

 
Eneko Iturbe elgoibartarrak aurkeztutako lan bat aukeratu dute Getxo Moda erakusketa entzutetsuaren barruan egiten den Diseinatzaile Berriak lehiaketako finalerako. Modaren munduan espezializatutako epaimahai batek aukeratuko du irabazlea, hamar finalisten artean, baina diseinatzaile gazteen lanek Internet bidez jasotako botoak ere hartuko dituzte kontutan. Bartzelonako ESDi moda eskolan ikasten dihardu diseinatzaile elgoibartarrak.


 Getxo Enpresa eta Merkataritza (GEEM) elkarteak antolatuta Getxo Moda erakusketaren 27. edizioa egingo da, apirilaren 18an eta 19an, Getxoko San Joseren jauregian. Getxoko dendek, diseinatzaile ezagunek zein hasiberriek parte hartuko dute “Euskadiko eta Estatuko Iparraldeko moda ekimenik garrantzitsuenean”, antolatzaileen berbetan.
 Diseinatzaile gazteak ezagutzera emateko diseinatzaile berrien lehiaketa bat ere antolatzen dute erakusketaren barruan. Aurten, 9. ediziora aurkeztutako lan guztien artetik, hamar lan aukeratu dituzte finalerako, Eneko Iturbek aurkeztutakoa tartean. Diseinatzaile gazteek lau modeloko bilduma baten zirriborroa aurkeztu behar zuten, eta diseinatzaile berriei eskainitako ibiltokian erakutsiko dituzte lanok, apirilaren 18an. Egun horretan argituko da lehiaketaren irabazlea nor den.
Facebook bidez botoak emateko aukera
 Une honetan jantziak josten diharduela azaldu du Eneko Iturbek Bartzelonatik, ESDi (Escola Superior de Disseny) eskolan ikasten ari da-eta, bigarren ikasturtean. Getxo Modako diseinatzaile berrien lehiaketako finalerako aukeratua izateak “izugarrizko poza” eman diola aitortu du.

1706638460109 Eneko Iturbe aukeratu dute 'Diseinatzaile Berriak' lehiaketako hamar finalisten artean

Bestalde, lehiaketaren irabazlea modaren munduan espezializatutako epaimahai batek aukeratuko duen arren, Facebook bitartez jasotako botoei esker "hamar puntuko gainsaria" lortzeko aukera izango dute diseinatzaile gazteek. Antolatzaileek Facebooken duten kontuan eman daiteke finalera ailegatu diren bildumen aldeko botoa. Bilduma gustukoenaren argazkia hautatu eta "gustatzen zait" aukeratu behar da. Ondoko argazkian, Eneko Iturbek aurkeztutako bildumaren bozetoa.
  • Honako hauek dira Getxo Modako erakusketan parte hartuko duten diseinatzaile berriak: Eneko Iturbe (The Shape of the Form), Sofia Cou Fernández (Peregrina), Anna Primi (Época), Cristina Delgado (La elegancia del Cisne Negro), Viki Tomás Albesa (Trompe l'oeil), Eider Capdepont (Triangle), Izaskun Katarain (Interioridades), Ana Olazabal (Release), Rosa Mª Rua y Carmen Guzman (Antia), Laura Diez (Sunset Boulevard).

 Lehiaketaren irabazleak, Getxo Galanta izeneko beka jasoko du saritzat (ikus hemen: Lehiaketaren oinarriak). Sariak sona handiko diseinatzaile batekin sei hilabeteko prestakuntza jasotzeko, eta datorren urteko Getxo Moda erakusketan diseinatzaile modura parte hartzeko aukera ematen du, besteak beste.

Goya sarietako alfonbra gorria hizpide
  Orain dela gutxi banatu dituzten Goya sarien banaketa ekitaldian alfonbra gorritik igaro ziren zinemako izarrek soinean zituzten jantziak baloratu zituzten ESDi eskolako hainbat ikaslek, TVE1ko + Gente saioan. Eneko Iturbek ere egin zuen bere moda aditu ekarpena eta Michelle Jenner antzezleak zeraman soinekoa baloratzea egokitu zitzaion. rtve.com atariko honako bideoan ikus dezakezue (57:40 minututik aurrera)
 
Eneko Iturbek diseinatutako bi jantzi:

1706638460184 Eneko Iturbe aukeratu dute 'Diseinatzaile Berriak' lehiaketako hamar finalisten artean

1706638460256 Eneko Iturbe aukeratu dute 'Diseinatzaile Berriak' lehiaketako hamar finalisten artean