Izarraitzen Konkista antolatu dute Pazko Asterako GAZ-Tk eta Gaztelekuak

elgoibarren.net 2012ko mar. 14a, 16:19

 
“Bi talde eta helburu bakarra… Izarraitzen konkista”, horrela aurkeztu dute GAZ-Tk eta Gaztelekuak Pazko Asterako DBHko ikasleentzako prestatu duten ekintza. Ikastaroak, frogak, erronkak, mendia, eta biziraupena izango dira El Conquistador del Fin del Mundo telebista saio entzutetsuaren kutsua izango duen irteeraren osagai nagusiak.

 


 Ekintza honekin, aisialdiaz gozatzeko aukera bat eskaintzeaz gainera, gazteei biziraupenerako bideak erakutsi nahi dizkiete antolatzaileek, “Orientazioa, jatekoa bilatzeko moduak eta antzerakoak azalduko dizkiegu izena ematen dutenei", argitu dute Naiara Martinek, Elgoibarko Izarrako aisialdiko zuzendariak eta Maialen Astigarragak, Gaztelekuko koordinatzaileak (goiko argazkian). El Conquistador del Fin del Mundo telebista saioaren antzerako egitura izango du irteerak. “Antzerako frogak prestatuko ditugu eta janaria eta bizi-lekuaren alde borrokatu beharko dute ‘lehiakideek’, baina telebista saioak dituen balore positiboak bakarrik bultzatzen saiatuko gara”.
 Era berean, ingurunearekiko errespetua bultzatzeko ere baliatuko dute irteera hori, izan ere, etxetik kanpo pasako dituzten lau egunetan mendia izango dela euren “etxea” azaldu dute. Apirilaren 10etik 13ra bitartean joango dira Izarraitzeko parajeetara.

Izen ematea eta prezioa

1706638459374 Izarraitzen Konkista antolatu dute Pazko Asterako GAZ-Tk eta Gaztelekuak

Elgoibarko Izarran (934 741 626 / atxutxiamaika@elgoibarkoizarra.com) edo Gaztelekuan (943 743 228 / gaztelekua@elgoibar.org) egin daiteke izen ematea, martxoaren 23a baino lehen. Plazak mugatuak izango dira.
Bestalde, irteera egin aurretik parte hartzaileekin eta gurasoekin bilerak egiteko asmoa dute antolatzaileek. Gainera, bilera horietan parte hartzea “garrantzitsua” dela azpimarratu dute. Martxoaren 28an Gaztelekuan egingo dute lehen bilera gurasoentzako, 20:00etan; eta, martxoaren 30ean izango da bigarren bilera, gazteentzat, Gaztelekuan (20:00) baita ere. Irteeraren prezioa 55 eurokoa izango da.