Gaur goizeko eukaristiarekin zabaldu dute berriro Madalako ermita

elgoibarren.net 2012ko mar. 15a, 13:59

 
Hiru hilabeteko obren ostean, gaur zabaldu dute berriro Madalako ermita. Benantzio Otaegi, Elgoibarko parrokoak, gidatu duen eukaristiarekin estreinatu dute eliztarrek Madalako ermita berritua.





  Eliz-barruan hezetasunak sortutako arazoengatik egin behar izan dituzte berritze lanak, eta hori izan da Madalako ermita azken hilabeteetan itxita eduki izanaren arrazoia. Azken urteetan beste zenbait aldiz ere izan dute arazo berdina, eta lau urtean behin hormak margotu behar izan dituzte. Oraingoan, ordea, arazoa larriagoa izan da, eta horregatik luzatu dira konponketak horrenbeste.

  Gaur goizean ospatu duten lehen eukaristia ez da azkena izango. Aurrerantzean ere 8:15etatik 13:30era zabalik izango da eliza egunero, eta Hitzaren Liturgia egingo dute astelehen, eguazten eta barixakuetan 9:00etan.

1706638453886 Gaur goizeko eukaristiarekin zabaldu dute berriro Madalako ermita

1706638453976 Gaur goizeko eukaristiarekin zabaldu dute berriro Madalako ermita

1706638454034 Gaur goizeko eukaristiarekin zabaldu dute berriro Madalako ermita

1706638454139 Gaur goizeko eukaristiarekin zabaldu dute berriro Madalako ermita

Erdi Arotik ezaguna
  Pello Arrieta eta Julian Zabaleta ‘Yulen’ elgoibartarrek elkarlanean eginiko Elgoibar: iragana eta oraina liburuan jasota dagoenez, Erdi Arotik ezaguna da otoitz-leku hau. Erdi Aroko historian aditua den Elorzaren iritziz, Santa Maria Maala elizak Elgoibarko burdinoletako jarduerarekin lotura handia izan zuen. Izan ere, burdinoletako foruaren kabildoak ermita honetan egin ohi zituen bilerak. Horrez gain, kabildo horretako burua zen Martin Santxez Arriagakoak, Karkizano goiko etxeko jaunak, Hirutasunaren irudia jartzeko agindu zuen 1479an. Ermita honetan Erdi Aroan egin ziren zenbait obraren berri ere ematen du liburuak. Hala, esaterako, Frantzisko Mispillibarrek urrezko bi dukat eman zituen Madalan eraiki behar zen kaperarako eta kontzejuak arkupea egiteko eta eliza barruko zutabeak zuritzeko agindua eman zuen 1570ean.
Parrokiaren osagarri
  Bestalde, Kalegoengo parrokia berria (San Bartolome parrokia) kultua ematen hasi baino lehenago, Olasoko San Bartolome parrokia urruti zegoenez, eta Madala baseliza, aldiz, hiribildutik gertu, ermita batean ohikoa zen baino kultu gehiago ematen zen hemen: Eukaristia, gaixoen oliadura (XV. mendetik, gutxienez, ondoan zuen ospitala) eta ezkontza asko ospatzen ziren, parrokiaren osagarri bailitzan funtzionatzen baitzuen.
Gurutze kofradiaren sorlekua
  Gurutze kofradia ere hemen sortu zen. Gainera, elgoibartarren debozio bereziko San Sebastiani eta San Antoni baseliza honetantxe eman zitzaien kultua. Santiago bideko baseliza-ospitaletan bezala, Madala elizako aldareetan lau santuren irudi esanguratsuak zeuden: Andre Maria Madalena, San Sebastian, San Anton eta Santa Katalina.
1835ean zuen tamainaren antzerakoa
  San Lazaro egoitza berria eraiki eta elizan eraberritze-lanak egin zirenean, 1981etik 1985era artean, absidetik zurezko rococo tankerako Milagrosari eskainitako erretaula kendu zen. Madala ermitaren azkenaurreko eraberritze lanetan, bestalde, barruko espazioa txikitu egin zuten eta 1835ean izan zuen tamainaren antzerakoa du gaur egun. Orduan, uholde batek eragindako kalte handien ondorioz ospitaleko bi gela berri eraikitzeko txikitu zen. Informazio osoagoa Elgoibar: iragana eta oraina liburuan aurkituko duzue.