"Luziano margolari autodidaktaren ibilbide piktorikoa garai baten lekuko da. Gizarteko gorabeherak islatzen ditu Luzianok bere koadroetan, gorabehera politikoak baino gehiago. Eta, pintura espirituala eta anarkikoa uztartzen ditu". Berba horiekin definitu du Natalia Ruiz-Poveda, Artearen historialarik, bere aitaren lana. Barne-barnetik datorkion pintura dela dio, "Aldartetsua, grinatsua eta telurikoa".
Bere bizimoduaren isla ez ezik, bere jatorriaren ikerketa etengabea erakusten du Luzianoren pinturak; Euskal Herriko, Espainiako eta Europako historiarekin batera doan jatorriaren ikerketa, hain zuzen ere. Bestalde, marjinalitatea, txirotasuna, sustraiak galtzea, denboraren joan-etorria edo galbidea: gai horiei esker, Luzianoren lanak oroimen kolektiboaren atal bihurtzen dira. Hau da, bidaiak eta sustraiak nahasten dituzten lan berriak; ametsak sortzen dituzten lanak, alegia, Natalia Ruiz Povedaren berbetan.
Fatxadak eta hustutako herriak irudikatzeko duen maisutasuna ere goraipatzen du artean aditua den alabak: Arkitekto baten lana dirudite Luzianoren koadroek: garai eta material askotako estaldurak darabiltza fatxadak eraikitzeko, berreraikitze arkeologikoa balitz bezala, ziurtasun materikoaren zatiak sortzeko".
Luzianok bizitzaren antzerki groteskoa irudikatzen du oihal bakoitzean: maskara, oroimen biluzia eta existentzia bera.
- Luzianoren erakusketa astelehenetik zapatura egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era, Kultur Etxeko erakusketa gelan.
Ikusi hemen: elgoiBARREN.net atariak Luzianori, bere bizitzari buruzko liburua kaleratu zuela-eta, eginiko elkarrizketa (2011-01-28)