Romo Indupime, sailkapeneko hirugarren sailkatuaren aurkako partidua irabaziz gero, bigarren postuari liga amaierara arte, matematikoki, eusteko aukera zuen Alcorta Forging Group eskubaloi taldeak, baina 27 eta 26 galdu ostean azkenera arte borrokan jarraitu beharko dute.
Romokoek indartsu hasi zuten partida eta atsedenaldira bost goleko aldearekin ailegatu ziren. Alkortako jokalariek, baina, partiduari buelta eman eta eskura izan zuten garaipena eta, era berean, igoera faserako sailkapena. Azkenean gol bakarreko aldeaz galdu zuten. Romoko kiroldegiak Elgoibarkoa zirudiela azaldu dute Sanloko kideek, bi autobus antolatu zituen-eta klubak senior mutilak animatzera joateko.
•Hil ala biziko partidua liderraren aurka
Alkortak bere esku du oraindik igoera faseko sailkapena. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, bigarren postuan sailkatuta daude elgoibartarrak eta puntu bateko abantaila dute hirugarren sailkatuarekiko (ikus sailkapena), baina erronka handi bati aurre egin beharko dio taldeak datorren zapatuko partiduan. Izan ere, liderraren bisita jasoko dute Alkortakoek Olaizaga kiroldegian, 19:00etan. Ford Mugarri Arrasateko taldea partida bakar bat galdu gabe ailegatuko da norgehiagokara. 24 jardunalditan 23 garaipen eta berdinketa bakarra lortu dituzte. Arrasatearrek ez dute ezer jokoan izango, txapela eta igoera faseko sailkapena ziurtatuta dituzte-eta aspalditik, baina liga txapelketa porrotik gabe amaitu nahiko dute ziurrenik.
Alkortak, berriz, Romo Indupime taldearen emaitzen menpe egon nahi ez badu, garaipena beharrezkoa du. Hala, "hil ala biziko" partida honetarako kiroldegia “goraino” betetzeko deia egin diete zaleei, beste behin, Sanlo klubeko arduradunek.