Peugeot etxeko autoa, eskailera sail bat jaitsi ostean, ez atzera ez aurrera kateatuta geratu zen pasabide erdian. Ordu txikitan, zapatutik domekara arteko gauean izan zen. Javier Oñederra Udaltzainburuak argitu duenez, 2:45ean deia jaso ondoren bertaratu ziren autoa zegoen lekura udaltzaingoko agenteak. Iñigez Karkizaotik Pedro Mugurutza etorbidera jaisteko dagoen eskaileratan trabatuta zegoela ikusi zuten eta gidaria ere bertan topatu zuten. Bere egoera aztertu ostean, alkoholemia froga egin zioten eta positibo eman zuen. Hortaz, alkohola edanda gidatzeagatik atxilotu zuten gidaria. Udaltzainek atera behar izan zuten automobila Pedro Mugurutza etorbidera.
Orain dela gutxi, martxo hasieran, autoekin erlazionatutako beste gertakari bitxi bat jazo zen ingurune honetan. Auto bat goitik behera kiskali zen orduko hartan Artetxe kalean.