Dokumentala Gaztetxean eta zine-foruma Kultur Etxean, gaur iluntzean

elgoibarren.net 2012ko mar. 23a, 15:30

 
Ikus-entzunezko bi eskaintzak bat egingo dute gaur (martxoak 23) iluntzean. Batetik, Gazte Asanbladak antolatuta, Argia emanaldien baitan, Haizea eta sustraiak dokumentala ikusteko aukera izango da, Gaztetxean. Bestetik, Haizea emakume taldeak antolatuta, Manuale d`Amore filma ikusi eta aztertuko dute, Loredi Salegi dinamizatzailearekin, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.



1706638430700 Dokumentala Gaztetxean eta zine-foruma Kultur Etxean, gaur iluntzean

Joseba Iñaki Agirrek zuzenduriko lana da Haizea eta sustraiak dokumentala eta Frankismoko azken fusilamenduak ditu hizpide. “Txiki”-ren bizitzaren bidez frankismoaren azken fusilamenduetan sartuko gara film honen eskutik. Bere bizitza, bere historia, bere lagunak eta bere askatasunaren ametsak. Batzuk, argia eta oroimena heltzen ez diren hobi komunean ahanstura lurperatzen duten bitartean, bere senide, lankide eta frankismoaren kontrako militantziak, haien oroitzapenak eta diktadura garaiaren bukaerari buruz hitz egiten digute. Oraindik ezabatu ez diren testigantzak dira. Bizirik dagoen historia da, gure berezko historiaren partea da.
22:30ean hasiko da emanaldia eta 90 minutuko iraupena dauka.

Zine-foruma, kultur Etxean
 Haizeak antolatuta, zine-foruma egingo dute gaur (martxoak 23) gauean. Manuale d´amore filma ikusi eta aztertuko dute, Loredi Salegi dinamizatzailearekin. 2005eko komedia honek bikote desberdinen istorioak kontatzen ditu, umorez. 22:00etan hasiko da saioa, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.