Bidegiko iturriek jakinarazitakoaren arabera, martxoaren 24an eta 25ean, Bilbo norabideko 64,700 kilometrotik 62,300era bitartean, by-passa ezarriko da eta Elgoibarko ordainlekuaren sarbidea itxita egongo da Behobiarantz joan nahi duten autoentzat, zapatu goizaldeko 05:00etatik domeka goizaldeko 01:00etara. Hortaz, autobidera Eibarko edo Itziarko ordainlekuetatik sartu beharko dute erabiltzaileek.
Era berean, Bilbo norabideko 62,300 kilometrotik eta 61,000 kilometrora by-passa ezarriko da domeka goizaldeko 01:00etatik astelehen goizaldeko 04:30etara. Dena dela, Bidegitik argitu dutenez, "zehaztutako datek eta ordutegiek aldaketak izan ditzakete, eguraldiaren baldintzen arabera”.
•Konponketa lanak Eibarko ordainlekuan
Bestalde, martxoaren 25etik 27ra bitartean, konponketa lanak egingo dituzte AP-8ko Eibarko ordainlekuan. Bide-zorua konpontzeko lanak izango dira, eta ondorioz irteerak itxita egongo dira eta erreiak moztu egin beharko dituzte.
Autopistako 15. irteera itxita egongo da, bi norabideetako autoentzat, domeka gaueko 21:30etatik astelehen goizeko 05:30etara bitartean. Astelehen gaueko 21:30etik martitzeneko 05:30era ere berriro itxiko da 15. irteera bi norabideetako trafikoarentzat. Irteerak itxita iraungo duten bitartean, Ermuko edota Elgoibarko ordainlekutik irten beharko da.