72 dantzarik hartuko dute parte Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketan

elgoibarren.net 2012ko mar. 27a, 11:49

Datorren asteburuan Elgoibarko XI. Aurresku eta Soinu Zahar txapelketa jokatuko dute Herriko Antzokian. Bi hitzordu egin dituzte: zapatuan eta domekan. Guztira 72 dantzari igoko dira oholtzara, tartean 11 elgoibartar. Horietako batzuek (ondoko argazkian) Oiartzungo Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketan hartu dute parte, joan den asteburuan, eta Elgoibarko saiora sasoi betean ailegatuko direla erakutsi zuten.


Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar txapelketaren kartela.

Adinaren arabera bi sailetan banatuta parte hartuko dute dantzariek Elgoibarko txapelketan, A eta B sailean. Lehenak zapatuan (martxoak 31) ariko dira, 16:30ean, Herriko Antzokian. B mailakoen txanda, ostera, domekan (apirilak 1) izango da, 11:00etatik aurrera Herriko Antzokian. Nafarroa eta Gipuzkoa osotik etorritako dantzariak lehiatuko dira, tartean 11 elgoibartar.
 Honako hauek dira dantzari elgoibartarrak: Julen Gillo, Eneko Gonzalez, Saioa Marcos, Maialen Loyola, Alaitz Egaña, Amaia Astigarraga, Nerea Sasiain, Miriam Ferreiro, Leire Astigarraga, Andrea Arregi eta Miren Astigarraga. Azken bi urteetan, 2010ean eta 2011n, etxeko dantzariak izan dira nagusi Elgoibarren, Aitor Asenjok eta Ane Espillak bi urtez jarraian irabazi dute-eta Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa. Antolatzaileek Herriko Antzokira hurbiltzeko dei egin diete herritarrei, “dantzari gazteon abileziaz gozatzeko eta egiten duten ahalegina txalotzeko aukera ederra izango da”, azaldu du Jon Lizarraldek.
Finalak maiatzean
Euskadiko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketako saioak Lezo, Beasain, Legazpi, Ibarra, Oiartzun, Elgoibar, Billabona eta Altsasun jokatuko dituzte aurten. Emaitza onenak lortzen dituzten hamabost dantzariek lortuko dute finala jokatzeko txartela, eta finalak maiatzean jokatuko dira: Errenterian mutilena eta Legazpian neskena. 

Miren Astigarraga bigarren Oiartzungo txapelketan
 Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako ikasleek Oiartzungo Aurresku eta Soinu Zahar txapelketan hartu zuten parte, joan den asteburuan. Mutiletan Aritz Olarte oiartzuarrak lortu zuen lehen postua eta parte hartu zuten bi dantzari elgoibartarrak seigarren eta hamaikagarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Nesketan ere beste oiartzuar batek, Idoia Leonetek, lortu zuen lehen postua. Bigarren postuan sailkatu zen Miren Astigarraga elgoibartarra. Gainerako elgoibartarrak ere primeran moldatu ziren: Leire Astigarraga (4.), Ixone Juaristi (6.) eta Saioa Marcos (11.)