Ainara Ladron presoa aske geratuko da 30.000 euroko bermea ordainduta

elgoibarren.net 2012ko mar. 27a, 12:57

 
2010eko urritik preso zegoen Ainara Ladron gazte elgoibartarra aske geratuko da datozen orduetan, 30.000 euroko bermea ordaindu ostean. Senideek eta lagunek harrera egingo diote gaur bertan Elgoibarren, iluntzerako ailegatuko dela aurreikusi dute-eta. 

 


 Herrirak jakitera eman duenez, Xabier Arina, Ainhoa Villaberde, Xabier Bidaurre eta Ainara Ladron presoak aske lagako dituzte datozen orduetan, 30.000 euroko bermea ordainduta. Arina, Ladron eta Bidaurre 2010eko urrian atxilotu zituzten, beste hamaika gazterekin batera, Segiko kide izatea leporatuta.
Harrera eta autobusa
 Ainara Ladronen senideek jakinarazitakoaren arabera, 20:00etan aterako da Madrilgo Alcala Meco espetxetik, eta Elgoibarrera goizaldeko 02:00ak aldera ailegatuko dela espero dute. Ainararen lagunek, bestalde, haren bila joan nahi dutenentzako autobusa antolatu dute. 15:00etan Plaza Handian agertzeko deialdia egin dute. "Itzulera ordua edozein dela ere" herrian harrera egingo diotela gaineratu dute.