Gros taldeko lau xakelarien aurkako norgehiagokak aurrez uste zutena baino “zailagoak” izan zirela aitortu dute Mekatar taldeko kideek. Igoera lortzeko bi puntu behar zituzten arren, gauzak ez ziren batere ondo hasi. “Partidak hasi eta ordu eta erdira beldur ginen igoerak eskuetatik ihes egingo ote zigun. Zorionez, egoerak hobera egin zuen eta bi ordu eta erdira lortu genuen lehen puntua, Ivan Fernandezek lortutako garaipenari esker”. Handik ordu-erdira lortu zuen Jose Manuel Navarrok elgoibartarrentzako bigarren puntu erabakigarria, igoera lortzeko beharrezkoa zen puntua, alegia. Jose Luis Larrañagak lortu zuen berdinketarekin, gainera, Groseko taldeari irabaztea (2,5-1,5) lortu zuten elgoibartarrek. Hala, Mekatarreko xakelariek norgehiagokarik galdu gabe amaitu dute igoera fasea.
•Igoera fase borobila
Denboraldi aparta egin du aurten Mekatar Xake taldeak. Lehen fasean lau garaipen, bi berdinketa eta porrot bakarra izan ostean sailkatu ziren igoera fasea jokatzeko. Eta, txapelketaren azken txanpan aurreko emaitzak hobetu besterik ez dituzte egin, aipatu moduan jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi dituzte-eta. Banaka hartuta, Ivan Fernandez izan da taldeko xakelaririk onena, hiru partida jokatu eta hirurak irabazi baititu. Jon Esnaolak ere ekarpen handia egin dio taldeari, bost partida irabazi eta bakarra berdindu ostean. Hamabi lagunek osatu dute aurten Mekatar xake taldea. Tomas Conde da taldekiderik zaharrena, 54 urterekin, eta Markel Kerexeta gazteena, 11 urterekin.
Datorren urtean bi talde izango ditu Mekatarrek, lehen mailan bata eta hirugarren mailan bestea.

- Goiko argazkian honako hauek ageri dira, goitik behera eta ezkerretik eskumara: Ivan Fernandez, Sergio Fernandez, Juan Manuel Navarro, Mikel Leon, Jose Luis Larrañaga eta Zigor Diez, (beheko ilaran) Tomas Conde, Jon Esnaola, David García eta Patxi Agea. *Mikel Fidalgo eta Markel Kerexeta falta dira argazkian.